Izena gizakion identitatearen osagai garrantzitsua da. Harremanetarako ezinbesteko zerbait, izenak besteengandik bereizten baikaitu. Agian, izenaren inguruan bizi dugun unerik hunkigarriena haurdun geratzen garenekoa da. Izendegiaren itsaso zabalean murgiltzen gara eta zurrunbilo horretatik izen kuttunena arrantzatzen saiatzen gara datorren haurtxoarentzat. Aukeratutako izenari ikuttu goxoa emanen diogu geure maitasunaz blaitzeko. Martin Mattin bihurtuko dugu, Arantzazu Arantxa, Jose Joxe… Izena, maitasuna, sentimenduak eta enpatia beti egon baitira lotuta.

Azken mendean, euskaldunon herria adierazteko Euskadi izena nagusitu zen. Frankismoan “Gora Euskadi askatua” oihukatzea gehienon irrintzia bihurtu zen. Ondoren, ordea, autonomismoaren eraginez, Euskadi mendebaldeko hiru probintzietara mugatu zen. Gainerakoak Euskadi horretatik kanpo geratu ziren eta kulturaren munduan normaltasunez erabiltzen zen Euskal Herria izena berreskuratu behar izan zen zazpi probintzien osotasuna adierazteko. Gaur egun, ekialdeko probintzietan ongi zabalduta dago Euskal Herria izena, baina mendebaldean, berriz, sektore batzuk Euskadi izenari eusten diote.

Nafarroa hitzarekin ere arazoak ditugu euskaldunok. Pirinioz behetik dagoen zatiari Nafarroa deitzen diogu eta Pirinioz goikoari Behe Nafarroa, Nafarroa Behera, Baxenabarre... erabilera okerrari garrantzirik eman gabe. Zergatik deitu “Nafarroa” seigarren merinaldea kanpoan uzten duen zatiari?

1991-01-16an Euskaldunon Egunkariara gutun bat bidali genuen Axularrek erabili zituen izenak berreskuratzea proposatuz: “Nafarroa Beherea” eta “Nafarroa Garaia” zatiak izendatzeko eta “Nafarroa” soilik sei merinaldeen osotasuna adierazteko. Xabier Kintana euskaltzaina ados azaldu zen. Publikoki enbidoa botata geratu zen, baina ez zuen oihartzunik izan. 

1975etik aurrerako trantsizioak arazoa areago katramilatu zigun. Bi autonomiatan zatitu zuen Hegoaldea eta ipinitako izenek arazoa ekarri ziguten. Mendebaldeko autonomiari “euskal” adjektiboa jarri zion (Comunidad Autónoma Vasca), Nafarroa Garaia “euskal” adjektiborik gabe utzi zuen bitartean (Comunidad Foral de Navarra). Izen hau zuzena izan daiteke, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa bezalaxe bera ere foru komunitatea delako. Baina zergatik erabili “euskal” adjektiboa mendebaldeko zatiarentzat bakarrik? Komunikabideetan nafar lurretik sortzen diren albisteetan “euskal” adjektiboa sekula ez da erabiltzen. Ondorioz, euskaldunak besteak dira, nafarrak ez.

Euskaldunok izenen erabilera hau ontzat eman dugula dirudi. Afera honetaz ez da idazten eta ez hitz egiten ere. Nik behintzat, hitz egiterakoan “hiru probintziak” esaten jarraituko dut, eta idazterakoan “mendebaldeko hiru probintziak” edo “mendebaldeko autonomia erkidegoa”.

Bidal ezazu zure gutuna!

Zure Irakurlearen Gutuna bidali nahiko bazenu, gehienez 30 lerrokoa izan beharko da eta sinatua egon. Igorlearen NANaren kopia erantsi beharko da, baita telefono zenbakia ere bai. NOTICIAS DE GIPUZKOA egunkariak argitaratzeko eskubidea gordetzen du, baita laburtzearena ere. Gutunak cartas@noticiasdegipuzkoa.eus helbidera bidali.