Donostiako danborrada eta berdintasuna 40 urte luze baino gehiago joan dira Kresala elkarteak danborradan emakumeek urketari bezala parte hartzeko egin zuen pauso ausart horretatik. Bi urte ondoren emakumeek danborra jotzeko aukera izan zuten Eskaut Gia danborradan. Urteotan hamarnaka danborrada berdinzale sortu dira hiri osoan zehar, zeinetan emakumeak ikus ditzakegu kupela edo danborra jotzen edota aginte makila astintzen ere. Zoritxarrez, zenbait danborrada baztertzaile sortu eta mantendu egin dira ere. Ia 20 urte igaro dira Gaztelubidek eta Union Artesanak, legeak behartuta, urketariak gehitu zituztela. Bi danborrada hauek bereziki garrantzitsuak dira bandera igoera eta jaitsiera ofizialetan parte hartzen dutelako. Duela 12 urte, Gaztelubidek urketari nagusiaren irudia sortu zuen bere danborradan. Oraindik plazan koxka bat beherago mantentzen duena. Aipatutako guztiak berdintasunera garamatzaten aurrerapausoak izan dira. Borondatezkoak ala ez, baino pausoak. Badira 12 urte banderaren igoeran eta jaitsiera ofizialean aldaketarik ez dela. Egungo egoera ondorengoa da: emakumeek ezin dute bi danborrada hauetan danborra jo (ezta beste zenbaitetan ere). Danbor nagusia izateari buruz zer esan! Ez dezagun ahaztu zein den helmuga. Helmuga hiritar orok festan edozein modutan parte har-tzeko eskubidea bermatuko duen San Sebastian jaia izatea da. Ondorioz oraindik bidean gaude eta iristeko aurrerapauso gehiago beharrezkoak ditugu. Argi dago helmuga gertuago dugula orain duela 50 urte baino. Baina pauso gehiago eman ezean ez dugu inoiz berdintasuna lortuko.

Zure Irakurlearen Gutuna bidali nahiko bazenu, gehienez 30 lerrokoa izan beharko da eta sinatua egon. Igorlearen NANaren kopia erantsi beharko da, baita telefono zenbakia ere bai. NOTICIAS DE GIPUZKOA egunkariak argitaratzeko eskubidea gordetzen du, baita laburtzearena ere. Gutunak cartas@noticiasdegipuzkoa.eus helbidera bidali.