Pasaian da Aita Mari ostiralaz geroztik. Zirrara egin zidan kaira iristen ikusteak, haren aurrean aurkitzeak, ontzia zapaltzeak. Bere gainaldeak eta barrualdeak lur sakratua irudi-tzen zaizkit, hantxe egonak baitira naufrago zebiltzanak Aita Mari bedeinkatuak itsaso ikaragarritik bizirik atera ondoren. Nola maite duen jende honek bizia, pertsonak erreskatatzera joaten baitira itsaso zabalera, ausardiaz, elementuei eta gainerako oztopoei aurre eginez. Miresgarria. Poza hartu nuen gure herriaren onena ematen duen ontzian ikurrina ikustean ere. Hala bada, keinu txiki hau atera zait bere alde.Palermon egon da Aita Mari ia bi hilabete itsasoratu ezinik. Egun bakoitza kaian egoteagatik 500 euro ordaindu beharra ezarri diote, 55.000 euro, bestelako gastuak... eta gainera merkataritza-ontzi handi bat adinakoa dela esan eta egokitzeko agindu diote Aita Mari txikiari. Hori da Mediterraneoan 281 pertsona erreskatatzearen ordaina, azkenak pandemia aldi betean. Italian orain ez da Salvinirik baina ezkerraren agintea ez da ba hobea gertatu azkenaldian. Eskandalagarria da Europan zehar eragiten den giza eskubideen pribatizazioa, europarrentzat bai baina etorkinentzat ez; hauentzat eta laguntzen dietenentzat bazterketa eta kriminalizazioa. Europak ezin du ikusi horrelako Itsas Salbamendu Humanitarioa, lotsagarri uzten baitute Aita Marik eta beste erreskate-ontziek Estatuen politika gizagabea. Ezten gogaikarria dira boterearentzat. Afrikako eta munduko exodo izugarriak ez dira Gobernuz Kanpoko Elkarteekin konpontzen, badakigu hori. Nazioarteak serio hartu behar du gizateriaren arazoa dena. Baina bitartean, ezin dugu onartu Europar Batasunak egiten eta eragiten duena milaka eta milaka pertsona kondenatuz: errefuxiatuei itsasoan ezikusia, kanpamenduetan abandonua, eta lurrean lege itxiak eta etsigarriak; bitartean, gure gizarteetan egoismoari hegoak eman. Hori esateak eman lezake hitz hutsak direla baina ezin diogu pentsatzeari utzi eta adierazteari uko egin. Ezin dugu axolagabe geratu. Garrantzitsuak dira txikion ahotsa eta laguntza.Elkartasuna dugu Aita Mariri ongietorri egiteko bide ona eta eskerrak emateko modu jatorra. Bere alde hitz eginez, bere kausa defendituz eta, ahal bada, diruz lagunduz. Gizatasunarekiko itxaropena berritzen du. Merezi du babesa ematea, merezi duenez. Dohaintzak egiteko: www.smh.eus/eu/ egin-dohaintza/ edota www.smh.eus /es/dona/. Gure beharrean da Aita Mari. Eta guk ere badugu Aita Mariren beharra. Eragiogun Aita Mariri.