Kaixo, goierritar euskalakaria!
Ikasturtea amaitzearekin batera, urteko balantzea egiteko garaia iritsi da eta ezin Korrika 18rekin ahaztu, noski. Asko izan zarete herrietako Korrika batzordeetan parte hartu duzuenak. Asko izan zarete Korrika ekonomikoki lagundu duzuenak eta beste hainbeste Korrikaren lasterketan parte hartu duzuenak. Beste behin ere, bere babesa erakutsi dio Goierrik euskarari.
Gaur egungo egoera ekonomikoa nolakoa den jakinda, ahalegin handia egin duzue eta hauxe izan da emaitza: 75.000 euro. Biba zuek! Ahalegin ekonomikoa egiterik izan ez duzuenoi baina zuzenean ala zeharka ekimen honetan lagundu duzuenoi ere gure eskerrik beroena eman nahi dizuegu.
Eman euskara elkarri izan da Korrika 18ren leloa. Euskara izan behar da euskal herritarrok elkarrekin bizitzeko aukeratutako hizkuntza: elkarri hitz egiteko, elkar entzun eta ulertzeko... Hori dela eta, garrantzitsua da euskara dakienak ikasi nahi duenari irakastea, ulertzen duenak hitz egiten duenari erabiltzeko aukera ematea eta agintariek herritarrei ikasteko bideak erraztea. Azken batean, euskara elkarri ematea bakoitzak duen egoeratik abiatuta. Euskara eman ahal izateko norbanakoak jasotzeko prest ere egon behar du. Beraz, euskara ikasteko harra duten guztiei euskaltegiko ateak zabalik daudela gogorarazi nahi diegu. Lotsa alde batera utzi eta egin dezagun guztion artean euskara praktikoa; seme-alabekin erabiltzeko, erosketak egiteko, lagunekin harremanak izateko... Egin dezagun guztion artean Goierri euskalakaria eta, ahaztu gabe, udan ere eman euskara elkarri!