Irakurri berria dut egunkari honetan Laskorain ikastolak iñauterietan eta kilometroetako tabernan hondakinak gaika jasotzeko egindako ekimenaren berri. Zorionak egindakoagatik. Beste urrats bat, birziklapenaren alde eta zabor gutxiago sortzearen alde gauden guztiontzat. Horregatik aprobetxatu nahi dut albiste hori esateko tolosar asko geundekeela prest gure zabor organikoak ere dagokien edukiontzira botatzeko. Badirudi ordea Tolosako udala ez dagoela oso animatua, Bilduk kontrolatzen duen mankomunitatearekin eskutik, organikoen bosgarren edukiontzi hori herrian zabaltzeko. Eta asko gara herri garbi baten aldeko apustua egiten dugunok. Beraz gustatuko litzaidake Zero Zabor plataformakoek ozenki eskatuko baliete mankomunitateko bere lagunei, organikoa biltzeko bosgarren edukiontzia herri osoan hedatu dezatela. Bestela, Zero Zabor plataformak inauterietan egindakoa gauza "testimoniala" litzatekeela susmatu beharko nuke, gero, atzeko atetik -eta lokuzioa ondo dator- atez atekoa inposatzeko milaka tolosarren borondatearen aurka. .