Síguenos en redes sociales:

Errealaren nortasuna jokoan

Ez diot inoiz egunkari bati nire iritzia bidali, baina Gipuzkoan azaldutako albiste bat irakurri ondoren ezinezkoa egin zait isilik geratzea.

Albistearen izenburua hauxe izan da: "Montanier se gana una prórroga hasta Navidades. El club le iba a destituir para fichar a Luis (Aragonés)", eta etorri zaidan lehen sentsazioa barregura izan da, broma bat zelakoan akaso. Baina hiru segunduz pentsatu ondoren, eta albistea irakurtzearekin batera, samin-gorroto sentimendu batek bildu nau.

Oraindik, hau idazten ari naizen heinean, sentsazioa areagotzen ari zait, ezin baitut inondik inora albistearen zergatia ulertu. Nola da posible, 24 puntutik 2 puntu soilik (0-0ekoarekin biak) lortu dituen entrenatzaile batek, eta azken bi partidetan sei puntuak zortez eta deskontuan lortu dituen entrenatzaile batek bere lanpostua mantentzea? Eta nola da posible nortasuna eta kasta galtzen ari den talde batentzat, entrenatzaile lanetarako, Luis Aragonés (78 urte) bezalako pertsona batengan pentsatzea? Pentsatze hutsak mina eragiten dit nire barruan.

Beraz, Bartzelonatik, Anoetara aspaldian agertu ezin izan dudan arren, zera esan nahi nuke: Gure Errealaren nortasuna galtzen ari gara, eta ez dugu ezer egiten! Ezin dugu hori onartu, eta lehenbailehen ez badugu ezer aldatzen, Osasuna edo Getaferen antza izango dugu! Mesedez eskatzen dut, Loren kanpora!!!