Cartas a la Dirección

aNe Eizmendi naiz. 22 urte ditut eta maiatzaren 22an Bilduk jasotako babesaren ondoren, Zarauzko Udaleko Jendarte, Gazteria, Migrazio eta Parekidetasun saileko zinegotzia naiz. Ezagutzen nautenek ongi dakite nolakoa naizen, zein iritzi dudan Zarauzko kontuez eta Euskal Herrian gertatzen denaz. Nire ideiak ditut eta horien alde lanean aritu naiz eta ari naiz, inor iraindu gabe. Azaroaren 15ean, Azpeitiko epaitegian izan nintzen, ustez, Zarautzen pasa den asteburuan bizkartzain lanak egiten dituen pertsona bat iraindu zutela-eta deklaratzera deitu nindutelako. Nire ondoan zeudenek ondo dakite, baina badaezpada ere, zarauztar guztien aurrean garbi utzi nahi dut, bizkartzaina ustez iraindu zuen elkarrizketa hori izan zen lekuan ez nengoela. Bizkartzainak, besteren baten "aholkuetan" oinarrituta, ni ez naizen beste pertsona batekin nahastu nau. Hala adierazi nion epaileari, baina bizkartzainak bereari eusten dio. Injustua da egoera hau. Hasiera batean pertsonen arteko nahasketa bat izan zitekeela pentsatu nuen, baina ni eztabaidaren lekuan ez nengoela argi utzi ondoren ere, bereari eusten diola ikusteak haserretu, sumindu eta kezkatu egin nau. Akatsak denok egin ditzakegu, baina behin akatsa nabarmen geratuta, hau konpontzeko borondaterik ez erakusteak, berak jasan zuen iraina konpontzeko baino, pertsona jakin batzuk nahasteko intentzio eta gogoa erakusten du nabarmen. Ziur bainago, ni Bilduko zinego-tzia izateak garrantzia duela injustizian bermatzeko asmo horretan. Horregatik, zuzenean eta zeharka salaketa honekin nahasteko asmoa erakutsi duten horiei hurrengo gonbidapen publikoa luzatu nahi diet: joan naiz deklaratzera eta epaiaren zain daude orain; ezinegona, amorrua eta mina eginda dago, baina gera ezazue auzibide hau, akatsean gehiago sakondu baino lehen.

Badakit aurretiaz beste hainbat herritar ere antzeko gurpil-zoro judizialetan lotu dituztela, salaketa anonimo edota faltsuetan oinarrituta. Haiek nik izan ditzakedan baina ondorio larriagoak izan dituzte gehienetan, eta nirea azaltzen dudanez gutun honetan, ez nituzke ahaztu nahi horrelako kasuetan egon diren gainerakoak. Beste testuinguru politiko batean gaude azken hilabetetan gure zorionerako. Bizkar-tzainak iraindu dutela uste badu, salaketa aurkezteko eskubide osoa du, baina ez ditzala bertan ez zeudenak nahastu eta ez dezala aukera hori Bilduren aurka mendeku politikoa egiteko baliatu. Halako "nahasketak" jasaten dituen azkena izango naizelakoan eta jasotako babes guztiak eskertuz, agurtzen naiz.

Ane Eizmendi

Zarautz