Elduaingo festak
Cartas a la Dirección
aurtengo herriko festetako balorazio xume bat egin asmoz, hitz batzuk besterik ez. Jaiak antolatzeak berak ematen duen buruhaustetik hasi eta momentuan egin behar den lan guztia kontuan hartuz gero, argi ikusten da izugarrizko esfortzua dela lau jaiegun borobil ateratzea.
Aspaldiko urteen ondoren herri bazkaria antolatu eta 160 pertsonatik gora izan ginen bertan bazkaltzen. Sukaldean eta mahaiak zerbitzatzen izan zen, beraz, lan ugari eta herritar askok hartu zuen lan eskerga horren ardura bere gain. Patata tortilla zein hamaiketakoa prestatu eta zerbitzatzeko ere ez zen bolondresik falta. Toka, pilota partidak... ekitaldi guztietan ikusi da konpromiso maila handia. Gure txikien antzerkia ere ezin aipatu gabe utzi, urte guztiko lanaren ondorioa izan baita. Gidoia pentsatu, entseguak egin, esku lanarekin materiala prestatu? minutu gutxietan forma hartzen duten makina bat gauza, detaile. Aipatutako guztiagatik balorazio oso positiboa egin behar da baina gauza guztiek bezala eta urte askotan gertatu den bezala festa hauek ere izan dute bere alde ezkorra eta gaiztoa. Herrietako festetara bertako gauzak hausteko helburuarekin etortzen dira batzuk, eta urtero pairatu behar izaten dugu lelo hauen biolentzia. "Pertsona" hauek gizatasun gutxi, adimen eskasa eta testosterona gehiegi daukate. Parranda sano bat egin beharrean, hauek, ondo pasatzeko bestelakoak egin behar izaten dituzte: tabernetako gauzak hondatu, jendea iraindu, besteen etxeetan sartu? Elduainen horrela ibili zinetenei zuzenduta: zuen herrietan horrela ibiltzen al zarete? Eta lagunik geratzen zaizue oraindik? Ziur gara zuen herrietan ez duzuela inoiz ezertan parte hartzen, ez zaretela ezertan konprometitzen, ezta gauza txikienean ere. Horrelako jokaerak dituenak herriarekiko eta herritarrarekiko errespeturik ez du, beraz zuentzako ere gure mespretxurik handiena.
Ainhoa Muñagorri Zabaleta
Elduaingo Kultur Batzordearen izenean