Kalean paseatzeko ere baimena eskatu behar den gure herri honetan dena dago arautua, dena, arautu behar dena ezik. Itsasoko kontuei dagokienean ez dago arau finkorik, egun batetik bestera alda-tzen dira gauzak. Batak edo besteak hau esan duela eta hark agintzen duela, eta hari kasu egin behar zaiola. Kontua da, itsaskirolei, surf eskolei eta gurutz gorriko banderen esanahiei dagokienean ez dagoela ezer garbi.

Biarritzeko surf eskola bat Zarautza etortzen da ikastaroak ematera, Holandarrak ere etortzen dira, baita Belgak ere, eta ehundaka dira. Ez dute inongo eragozpenik nahi dutena egiteko, ez baitago ezer arautua. Guk ezin dugu ikastarorik eman, ez Belgikan, ez Holandan eta are gutxiago Biarritzen, leku haietan oso ongi arautua baitago dena. Gurean ordea ez. Bandera gorrian surf egin daitekeen ere ez dago argi.

Surf ikastaroak ematen gabiltzan zarauztarrok zokoratuak gaude. Surf eremuak nolakoa izan behar duen itsasoak agintzen du, banderak korronteen arabera jar-tzen baitira, eta horrela behar du izan gainera. Oinarrizko irizpidea segurtasuna da, horretan denok ados egon beharko genuke, istripuak nahi ez baditugu behintzat. Horregatik, surf ikastaroak ematen ari garenean gure ikasleak ahalik eta bananduen mantentzen saiatzen gara, baina ezer gutxirako balio duen esfortzua da gurea, ehun laguneko talde bat etorri eta izkina batetan zokoratzen bagaitu. Oso arriskutsua da. Oso arriskutsuak dira, asko baitira, askotan taula gogorrak baitaramatzate eta gainera gurekin ikasten dabiltzan umeak ez bezala, hauek helduak baitira.

Gurutze gorrian galdetu dezakezue eskola bakoitzak udan zehar izaten duen istripu kopurua zein den. Talde erraldoi horietan istripu larriak izan dira eta hirugarrengoei ere istripu larriak eragin dizkiete.

Egunen batean zerbait larria gertatuko da, eta beti bezala orduan muturreko erabakiak hartuko dira ziurrenik. Dena debekatuko da. Eta galtzen betikoak aterako gara noski, bertakoak alegia.

Ez da hain zaila proposatzen duguna . Europara begira dezakegu behingoagatik eta hango eredua jarraitu. Iparraldeko edozein hondartzetatik ikas dezakegu. Surf eskolen erregulazioa eta itsas jardueren arautzea litzateke lehen pausua. Bigarren pausua berriz, arau horiek argi eta garbi zeintzuk diren azaltzea litzateke, zeren bestela, hemen egun batetik bestera aldatzen dira arauak baten edo besteren mesederako.

Antola gaitezen behingoagatik, berandu baino lehen