Badakizue zakurrek nola pixa eginez bere territorioaren buelta guztia markatzen duten?, bada, halaxe markatu nahi dute espainolek bere territorioa Vuelta a Españaren bidez. Aspertuta gaude entzuten euskaldunok identitatea gora eta behera hor gabiltzala, arazo identitarioa besterik ez dugula buruan, baztertzaile garela?, eta hara non, Patxi Lopezen gobernuak Espainiako Itzulia Euskal Herritik pasaraziz gure espainiartasuna erakutsi nahi dion munduari. Ez, Lopezek ez du arazo identitariorik, konplexu identitaroa baizik.
Konplexu identitarioa du euskaldun guztion izenean mintzatzeko gaztelania soilik dakien sasi lehendakariak. Konplexuak Euskal Herriaren izenean lehiatu daitezkeen selekzioak ukatu eta aldi berean espainolak soilik bultzatzen dituenean. Gutxiagotasun-konplexua, finean, gure ardi latxak zain-tzen duen artzain txakur txikiaren pixarraka mesprezatzen duenean eta doberman zakur hiltzailearena goresten duenean, oso doberman izanda ere zakurra. Ez da kirol afera, identitatekoa eta politikoa baizik.
Gure herriko kirolariek gure herriaren izenean lehiatu beharko lukete, gu herri bat garelako. Espainiarrek ere bere selekzioa izateko zilegitasuna eta eskubidea badute, nola ez. Ez diegu guk ukatzen hori. Zer dela eta ukatu behar digute haiek guri gurea izatea? Demokraziaren izenean? Handikeriaren izenean? Espainian bizi diren espainiarrek eurena defendatzen dute eta guk gurea defendatu behar dugu. Zertan ari dira, ordea, Euskal Herriaren zati baten instituzioetara iritsi diren PP-PSOE espainiarrek gure selekzioak ukatu eta beste herri batekoa guk ordainduta ekartzen? Esan bezala, afera ez da kirol eta kirolarien kontua, politikoa eta gutxiagotasun konplexua duten politikariena baizik.