Síguenos en redes sociales:

Mutrikuko Turismo Bulego ponpoxoa

Pentsatzen ibili naiz nolako izen burua jarri eskutitz honi eta azkenean horrela utzi dut zeren adjektibo horrekin esan nahi asko hartzen ditu.

Ponpoxoa, bai, eraikuntza eraberritua bai kanpotik eta bai barrutik eta herriaren erdi erdian jarria eta gainera inguruarekin oso ondo integratuta.

Ponpoxoa eta erakargarria, bai, zeren kanpoko jende askok Goiko plazan argazkiak ateratzeko bulego hau ere aukeratzen dutelako. Ez delako beste Turismo bulego arruntak bezalako eraikuntza.

Ponpoxoa, bai, aurten jarri berri duten "i" sinbolodun ikur berri eta handia bere fatxadan. Kontuan izanda lehendik dagoena ere ez dela txikia.

Baina ponpoxoa izan eta ponpoxoa edukitzeak ez du ezertarako balio bere funtzionamendua eta ordutegia mugatuta baldin badaude, gehien bat arratsaldeko seietan ixtera. Nabari da bai ordutegi hau jarri duten arduradunak Goiko Plazan askotan ez direla ibiltzen eta ez dituztela kanpotar turista askoren aurpegiak ikusten arratsaldeko 7rak edo 8rak aldera Turismo bulegora joan eta itxita aurkitzen dutenean. Atzo bertan, epe horretan 3 bikote ikusi genituen lelo aurpegiarekin geldituta.

Normalki ordu horietan kanpoko jendea herrirantz abiatzen da, zertxobait ikusi edo erosi, zerbait jan edo edan edo afaltzeko asmotan, horiek bezala nire jokaera antzekoa da kanpo aldera joaten naizenean, eguna hondartzan, mendian edo nonbaiten igaro eta gero ordu horietan herrirantz joateko joera dutelako.

Badakit Mutrikuko herrian Turismotik jende asko ez dela biziko baina ez dut uste hori dela bulego honen helburua, baizik eta herri eta inguruko bazter, zerbitzu eta txoko politen berri ematea eta hori ezin da egin jenderik ez dabilenean, baizik eta jendea dabilenean.

Eskutitz honekin arduradunei eskaera bat luzatu nahi diet, bai Udaberrian bereziki Aste Santuetan eta nola ez udan; ekaina, uztaila, abuztua eta irailean bulego honen ordutegia goizetik iluntzeko 9ak arte luzatu eta bulegoa zabalik eduki-tzea. Ez dut uste saila izango denik kontutan izanda horkobi lagunek lan egiten dutela eta biekin ordu asko bete al direla.

Mutriku bezalako herri batek, kontutan izanda gainera Udalean Turismo arloko zinegotzigoa dagoela, Mutrikuren irudia zabaldu nahi baldin badu, ez du bakarrik Fiturrera (Turismo feriara) joan behar, baizik eta egunero eguneroko lana egin eta herrira etorri eta herria ezagutu nahi dutenei lagundu.