Hau duk/n bonbardaketa. Espainiako selekzioa munduko finalera ailegatu denez, geure selekzioa jokoz kanpo dugunok "aguantaformo" botikagatik ez balitz, a ze kalbariyua. Tele5n, gaur, Donostia eta Bilbon koadrila batzuk bandera espainolarekin La Rojaren garaipena kalean ospatu izana historikotzat jotzen zuten, Euskal Herriko etxe balkoi guztietan piperpotoa jarri izan balute bezala. Gure gizartearen ikerketa soziologikoa egin nahi izan dute, nonbait, baina ia gehienetan bezala, diafragma zeharo itxita eta errealitateari iruzur eginez.
Nik dakidala -egunkarian irakurri dut- gure auzoan, bakarra dago. Maria San Gilek jarri omen du bandera espainola bere etxean eta guztiz errespetagarria iruditzen zait, bere gustuko selekzioa hori baldin bada. Neuk ere -futbolzale naizen aldetik- oso gustukoa dut selekzioaren jokoa, zertan ukatu, azken urteotan aspergarri bihurtu den futbola erakargarri egin duelako. Hartara, final polita ikus ahal izango dugu.
Baina nire etxean nik nahi dudana, sentitzen dudana, jartze aldera, euskal selekzioaren ikurra jarriko dut agerian, eta ez diezadatela esan futbol mailarik ez dugunik: atezainak sobera izan ditugu beti, atzealdean ez zaigu sendotasunik falta, taldeko bizkarrezurra tente, Xabi Alonso eta Javi Martinezen bermea eta Llorente (plakua), Aranburu, Xabi Prieto... ez didazue esango Suitza bati aurre egiteko modurik izango ez genukeenik. Are gehiago, bertan lehiatzeko, We don"t need Spain. Hain zuzen, delako Spain hori baita, Euskal Herriko futbol selekzioak jokatzerik izan ez dezan errudun nagusiena.
Horregatik, igandeko finalari begira, goizean goiz jaiki eta laranja zuku ederra hartuko dut gosaritan; nire balkoian Herberehetako tulipanak landatuko ditut eta Tourrerako prest neukan Euskalteleko arropaje laranja guztia jantziko dut: kasketa eta kamiseta laranja (buelta emanda). Arrazoi zuen hark. Ai! Zeinen aspergarriak diren futbolik gabeko igande arratsaldeak... Aupa laranja mekanikoa, ezinbestean, "aguantaformo" pilula guztiak bukatu ditut-eta.