Errege Kopako bigarren kanporaketan suertatu zaion Trops Malagaren aurka partida bakarrean hiriburu andaluziarrean jokatu beharreko norgehiagokaren aurrean Jacobo Cuétara Bidasoa Iruneko entrenatzaileak tentuz erreakzionatu zuen atzo.

Behin aurkaria zein zen jakin ahala, talde andaluziarra arriskutsua dela esan zuen Cuetarak, eta denboraldi amaieran Estatuko eskubaloiaren bigarren mailan “goian ibiliko dela” ohartarazi zuen.

“Partida bakarrera aurkari guztiak dira zailak, eta Trops bere multzoan goian ibiliko den talde horietako bat da”, adierazi zuen entrenatzaile asturiarrak parekatzearen berri izan ondoren, Malagako taldearen “esperientzia” balioan jarriz.

“Asobalen eskarmentua duten hainbat jokalari dituzte, guretzat ezagunena Agustin Vidal, eta esperientzia hori baliatuz ilusio handienarekin jokatuko dute”, iragarri zuen Bidasoako entrenatzaileak. Bien bitartean, selekzioen deialdiak direla-eta hamaika jokalariren faltan dabil prestatzen, urriaren 22an Logroñoren aurka jokatuko beharreko partida eta urriaren 25eko European Leagueko multzoen faseko debuta.

Talde irundarrak hamargarrenez jarraian parte hartuko luke aurtengoarekin kopan, eta zortziko azken fasera sailkatzeko Malaga kanporatu beharko du lehenik, eta, ondoren, seguruenik Asobal mailakoa izango den azken aurkari bat, martxoaren 15ean.

Talde gipuzkoarrak bigarren aldiz jokatu beharko du Malagako talde baten aurka, 1988/89 denboraldian Puleva Malaga hartu baitzuen mendean, joanekoan 26na berdindu eta Artalekun 23-21 irabazita; kanporaketa gainditzeko “ahalik eta lehiakorren izan eta partida ona jokatzea” eskatu die Cuetarak bere jokalariei.