Donostia. Aldez aurretik Gipuzkoako saskibaloi klubekin hitzartutako talentua garatzeko asmo handiko kirol plana estreinatu du asteartean Illunben Askatuak Gipuzkoa Basket Saskibaloi SADek.
Entrenamentuak
Ekimena datorren urteko maiatzean amaituko da, eta entrenamendu saio kualifikatuak eskainiko ditu, aste bakoi-tzeko astearte eta ostegunetan, infantil, kadete eta lehen eta bigarren urteko gazte kategorietan banatuta. Gainera, Probasket izeneko beste laugarren talde heterogeneo bat ere antolatuko da, emakumezko jokalarientzat irekia, eta Gipuzkoako saskibaloiarekin lotura duten pertsonekin osatuko dena.
Kirol plan horretan entrenatzaile gipuzkoarrek ere parte hartuko dute asteroko deialdietan, eta oporraldietan lagunarteko txapelketak antolatzeko asmoa aurreratu dute.
Gipuzkoako saskibaloiari hazten laguntzeko sustatu du Inveready Gipuzkoa Basketek kirol egitasmo hori, lurraldeko klub bakoitzak bere jarduera eremuan egiten duen lanaren osagarri izango den talentua garatzeko ekosistema egokiaren sorrera bultzatu nahian.
Energiak batzeko helburuarekin sortu da ekimen berri hau, Gipuzkoako klubei tresna erabilgarri bat eskaintzeko asmoarekin. Talentua detektatzeko eta garatzeko eredu bat sustatu nahi du GBCk, Gipuzkoako saskibaloiaren piramide harmoniko bat sendotu ahal izateko.
Asteartetik bertatik hasita Illunben aktibatuko den kirol plana, prozesu dinamiko baten lehen urratsa izango da, eta hurrengo helburua, lurralde osoko saskibaloiaren garapen eta hazkunderako proiektuaren aldeko adierazpen bateratua egitea izango litzateke. Proiektuak Gipuzkoako klub guztiak bildu nahi ditu.
Xubi
Jose Luis Zubizarreta, Xubi, GBCko kirol zuzendariak aurkezpenean adierazi zuenez, “klubak ekarpena egin nahi dio Gipuzkoako saskibaloiaren hazkundeari, eta Gipuzkoako klub guztiekin egin nahi du, guztion mesedetan. Horregatik aukeratu dugu Zuekin eta zuentzat leloa”.
“Inveready Gipuzkoa Basketen harrobi propioaren elikatzaile natural bihurtu beharko luke, eredu partekatuan sakonduz, lurraldeko kluben aurrean eta haien artean sinesgarritasuna transmititzeko gai izango dena”, esan zuen Xubik.