IDK Euskotrenek Laura Westerik fitxatu du datorren denboraldirako (Nimega, Herbehereak, 1998-12-31). 1,76 neurtzen duen hegalekoak Emakumezkoen Ligako Leongo Bembibre taldean jokatu du azken denboraldi honetan.
Internazionala izan da bere herrialdearekin gazte mailako selekzio guztietan baita absolutuan ere, Europako hainbat txapelketatan parte hartuz. Defentsan jokalari grinatsua da, eta erasoan aukera ugari eskaintzen dituena, jokoaren arlo gehienak menderatzen dituelako.
Lekdeted.nl Basketball taldearekin egin zuen debuta Westerikek bere herrialdeko saskibaloi maila gorenean. 2014an CTO Amsterdamera joan zen, Orange Blizzards taldearekin Eurocup Women txapelketan estreinakoz jokatu aurretik. 2016an Royal Eaglesera joan zen eta hurrengo urtean Amsterdam Angelsera, non Eurocup Women txapelketaren atarikoa ere jokatu ahal izan zuen.
2018-19 denboraldian Herner TC talde alemaniarrera joan zen, eta bertan emandako hiru denboralditan kopa eta liga irabazi zituen. 2021-22 denboraldian Portugalgo txapeldunorde izandako Sportivara jauzi egin zuen, eta jokatutako hamabi norgehiagokatan, batez beste, 14 puntu, 7 errebote eta 3 asistentzia lortu zituen; gainera, Eurocupeko atarikoa ere jokatu zuen. Denboraldi erdian Italiako Della Fiore Broni taldera joan zen.
Aurten Bembibren aritu da, eta ligako 30 partidetan 6,5 puntu eta 2 errebote lortu ditu batez beste, zelaiko jaurtiketen %38 asmatuz eta jaurtiketa libreen %73,3.
Gauzak horrela, Laura Westerikekin batera datorren urterako taldean ditu jada Azu Muguruzak, Lara González, Yurena Díaz, María España, Alba Prieto, Gracia Alonso de Armiño, Erin Whalen, Becky Massey, Jewell Tunstull eta Dulcy Fankam.