“Kaela Davisek min hartu du eta oso litekeena da denboraldi osorako izatea”. Gordintasun horrekin iragarri zuen Azu Muguruzak IDK Euskotren taldean jasandako lesio berria, zorigaiztoko denboraldi honetan sufritutako baja ugariek talde donostiarraren ibilbidean sekulako eragina izaten ari direlarik. “Ez zait horrelakorik inoiz gertatu”, esan zuen entrena-tzaileak atsekabetuta. “Urte okerragorik ez dut inoiz ezagutu”, gaineratu zuen.

Ezin ahaztu, duela aste pare bat Claudia Cuic errumaniarrarekin batera etorri berria zela Kaela Davis hegal-pibot estatubatuarra, taldean pairatutako hainbat hutsune ordezkatzera, eta bi partida baino ez dituela jokatu IDKrekin.

Muguruzak honela azaldu zuen WNBAko jokalari ohiaren lesioa: “Asteleheneko entrenamenduan izan zen, saskira sarrera bat egin, berak bakarrik keinu txar bat egin zuen, eta berehala heldu zion zangoari”.

Eta froga mediko gehiagoren esperoan, itxura batean Akilesen tendoia hautsi zaio.

FIBA leihoa iritsi eta liga geldi-tzeko bi aste falta direnez, taldeak zuhurtziaz hartu nahi ditu erabakiak, eta talde gipuzkoarreko arduradunek tentuz aztertuko dute iparramerikarraren hutsunea bete-tzeko fitxaketa berri bat egin ala, aitzitik, egungo jokalariekin amaitu aurtengo denboraldia.

Nabarmentzekoa da, IDK Euskotrenek aste honetan bertan iragarri zuela Paula Estebas antolatzaile errioxarrak ordezkatuko zuela belauneko lotailu gurutzatua apurtu zuen Yurena Diaz lesionatua.

Estebasek igandean egingo du debuta 11.45ean, Gasca kiroldegian Estudiantesen aurkako norgehiagokan; hain zuzen ere, talde Madrildarrean ere izana da aurten, beste baja bat ordezkatzen. Jokalariaren balorazio hau egin zuen Azuk: “Esperientzia handiko jokalaria da, Liga ondo ezagutzen du eta entrenamendu pare bat egin ditu gurekin. Badirudi hasieratik egon dela gurekin”.

Hainbeste jokalari aldaketa direla eta, oztopo guztiak gainditu eta egokitzera behartuta dabil presta-tzaile donostiarra: “Bai, denboraldiaurre etengabean nabilela irudi-tzen zait; jokalari berriak etorri ahala, taldera nola txertatu ikusi behar duzu, sistemak eta defentsa-arauak erakutsi”.

Gauzak horrela, entrenatzaile donostiarrak honako hau adierazi du: “Garrantzitsuena taldea aurrera ateratzea da; lehiatzeko gai izan behar dugu, eta astero datorkigun oztopoa gainditzeko gauza izan”.

Vanesa Jasaren lagapena

Bestalde, IDK-k atzo jakinarazi zuen Vanesa Jasa jokalariak Letoniako TTT Rigan jokatuko duela utzita aurtengo denboraldiaren amaierara arte. Letoniako hegalekoak iazko udan fitxatu zuen bi urterako talde gipuzkoarrarekin, eta berak eskatu du irtetea, gehiago jokatuz hobetzeko asmoz.