IDK Euskotren | Azu Muguruza: “Ivana Raca gabe taldea berdin-berdin geratzen da”
Donostia – Ivana Raca serbiar internazionalaren ustekabeko martxak zipriztindu du azken egunotan IDK Euskotrenen aktualitatea. Gai polemiko horren inguruan talde gipuzkoarrak bere bertsioa eskaini nahi izan zuen atzo Azu Muguruza entrenatzailearen bitartez. “Ivana Raca gabe taldea berdin-berdin geratzen da, jokalaria ez baita inoiz gurekin egon. Ez dugu beraz, haren galerarik sufrituko, zinez ez delako gure artean egon” azaldu zuen.
Jakina, plantillaren plangintza Racak izan behar zuen paper garrantzitsua kontuan hartuta eratuta zegoen, joan den ostiralean alde egingo zuela iragarri arte. “Eragina badu, noski, jokoan gauza garran-tzitsuak eskaintzekoa zen lauko postuko jokalari horren inguruan egin genuelako taldearen plangintza. Une honetan jokalari hori ez da existitzen. Ondorioz, taldea ez dago konpentsatuta eta errotazioak aldatu egingo dira. Postu titular horretan defizita dugunez, hainbat jokalarik ohikoa ez duten postuan jardun beharko dute behin-behineko hutsune hori betetzeko. Laguntza gehiago eskaini beharko diogu orain Kadri Lassi, maila horretako jokalariak eman behar zigun kalitate jauzi hori gabe geratu garelako”, adierazi zuen Muguruzak.
Eta behin denboraldia hasita, une honetan Raca ordezkatzea ez da lan erraza izango: “Merkatua nola dagoen kontuan izanda, taldea indartu behar dugu, dauzkagun jokalariak, horiengan konfiantza izaten jarraitu behar dugu eta, batez ere, eskerrak eman behar dizkiegu, horiek konpromisoa erakutsi dutelako, hemen egoteko gogoa dutelako eta taldeak irabazteko gogotsu daudelako. Hori guztia indartu eta sendotu beharko dugu, eta beste jokalariren bat etorri bitartean horrekin eutsi”.
Hurrengo partida
Bien bitartean, IDK-k ligako hurrengo jardunaldia jokatuko du larunbat honetan (18.00etan), Gasca kiroldegian, Perfumerias Avenida talde ahalguztidunaren aurka; inolaz ere, lasaiago ekingo diote partida horri azken norgehiagokan Cadi La Seuren pistan irabazi ondoren, luzapenean izan bazen ere, denboraldi hasierako bi porrotak pittin bat arinduta. Azken garaipen horri dagokionez, hau esan zuen Azu Muguruzak: “Lanerako bestelako tenorea antzeman dugu Cadi la Seuren aurkako garaipena lortu ondoren, laugarren jardunaldira Perfumerias Avenidaren aurka zero garaipen eta lau porrotekin (Salamancako taldearekin galtzeko) iristeko arriskuan geundelako. Irabazteak motibazioa ekartzen du eta konfiantza eguneroko lanean”.
Nolanahi ere, larunbateko partida, entrenatzaile donostiarraren iritziz, “Oso gogorra izango da. Eurek oso jokalari fisikoak dituzte, eta horretantxe ari gara lanean, haien aurka lehiatzeko gure gabezia fisikoa nola konpentsatu. Partida geure jokamoldera eramaten saiatu beharko dugu eta ea nagusitzeko gauza izaten garen. Partida zaila jarri behar diegu beren mailan egon ez daitezen, alegia, eroso joka ez dezaten; jaurtiketa estresatuak egin ditzatela euren portzentaiak jaisteko, eta gure galerak ere ondo kontrolatu beharko ditugu, oso defentsa oldarkorra egiten dutelako”.