Zarautz - Zarauzko Saskibaloi Taldeak (ZAST) berrikuntzekin hasi du urte berria. Batetik, webgune eraberritua jarri dute martxan gaur bertan, eta bestetik, Gráficas Juaristi babesle berria izango da, hiru urtetarako akordioa itxi ondoren.

Saskibaloi taldetik azaltzen dutenez, ZAST-en hirugarren webgunea da orain zabaldutakoa. Lehena 2004 urtean, Santi Garateren eskutik sortu zuten (inurris.com), eta izugarrizko arrakasta izan zuen “bai barruan zituen blogei esker, baita erabiltzaileek foroetan izaten zuten aktibitateari esker ere”. Ondoren, Danel Agirre, Eneko Arregi eta Ugaitz Urienek Zast.es garatu zuten. “2009an jarri zen sarean eta diseinuan aurrerapauso nabarmena eman zen. Komunikazio korporatiboak garrantzi gehiago eduki zuen eta kirol elkartearen kudeaketa errazten ere lagundu zuen. Baina, arlo digitalean aldakuntzak ziztu bizian ematen dira eta webgunearen berritze lanetan aritu gara azken hilabeteetan”, azaldu dute saskibaloi taldetik.

Webgune berria sortzeko, Viskwit eta Sector04 izan dituzte bidelagun. Zehaztu dutenez, Alberto Caballerok, Viskwiteko diseinatzaileak, bost urte inguru daramatza ZASTekin elkarlanean, lehendabizi 3x3an kolaboratzen, eta azken urteotan Zarauzko saskibaloiaren nortasun irudia landuz.

Zentzu horretan, taldearen nortasun irudiaren restylinga sortu da, logotipo berria eta jantzi berriak eginda. Hala, webgunearen diseinua nortasun irudi eraberritu honen garapenean oinarritu da, “irudi, kolore eta tipografiak zainduz, irudi bateratu bat eskainiz”.

Sector04, berriz, Errenteriako software ingeniaritza enpresa da, bai web garapenean eta bai mugikorrentzako aplikazioan adituak. Ivan Rodriguez proiektuburu zarauztarraren hitzetan, ZASTeko eguneroko lana erraztuko duen eta komunikazio tresna ezinbestekoa izango den webgune eroso bat sor-tzen saiatu dira. Webguneak hainbat atal ditu, besteak beste, ZAST Eskolari eta Eskola Kirolari zuzendutakoak eta, nola ez, 3x3ari lotutako atala.

Webgunearen aurkezpenarekin batera, babesle berria ere iragarri dute, eta aurrerantzean 50 urtetako esperientzia duen Graficas Juaristi enpresaren laguntza izango dute. Hainbat urte daramatzate lanean elkarlanean, eta era guztietako inprimaketa lanak egiten dituzte; hala nola, papergaiak, publizitatea, aldizkariak, katalogo korporatiboak, pegatinak, liburuak eta formatu handiko biniloak. Prozesu automatizatuez baliatuz, epemuga laburrak eta kalitaterik onena eskaintzen dituzte, lanen dimentsioa edozein izanik.

Eta orain ZASTi emandako lagun-tza askoz nabarmenagoa izango da enpresaren aldetik. Hiru urtetarako akordioa itxi dute, bereziki adinez txikikoen kirolean zentratuz. Modu honetan, Aritzbatalde kiroldegian nahiz Antonianon kartelak jartzeaz gain, elkarteko 400 jokalariei banatu zaizkien berrotzeko arropa finantzatu du.