Oñatin ospatuko du AEKk larunbatean Korrikaren aurreneko partaideei egingo zaien omenaldia, ekimenaren 45. urteurrenaren harira. Antolatzaileen esanetan “ez da soilik atzera begiratzeko unea izango, etorkizunari begira egindako aldarrikapen garrantzitsua baizik”. Izan ere, 1980ko azaroaren 29an abiatu baitzen lehenengoz Korrika Oñatiko Unibertsitatetik, gaueko hamarretan, eta urteurren borobil hau baliatuta, AEKk hasierako partaideak eta sortzaileak ohoratuko ditu, beraien ekarpenak gaur arte bizirik iraun duela azpimarratuz.
Topaketa instituzionala larunbatean egingo da Oñatiko Unibertsitatean bertan, eta 100 lagunetik gora elkartzea espero dute. Ekimena ez da oroitzapen hutsa izango, ordea. AEKk argi utzi nahi izan du, 45 urte luze pasa arren, Korrika sortzeko arrazoiak bere horretan jarraitzen duela. Helduen euskalduntzea eta alfabetatzea, gaur egun ere lehen lerrora ekarri beharreko erronka dela uste du erakundeak, eta horregatik egingo du horren aldeko aldarri irmoa.
"Euskarari pizkunde berri bat emateko unea da", nabarmendu du AEKk, gaur egun euskararen ezagutza eta erabilera unibertsalizatzeko premiaren jakitun. Korrikaren ibilbideak makina bat bider erakutsi du herri ekimenak eta gizartearen parte-hartzeak zer nolako indarra duten hizkuntzaren normalizazioan, eta AEKren ustez, presioa eta aktibazio sozialak ezinbestekoak izango dira aurrerantzean ere. Euskararen etorkizuna jokoan dagoela nabarmendu dute antolatzaileek, eta horregatik, ezin dugula ezer gerorako utzi.
Horrenbestez, larunbateko hitzorduan oroitzapena eta aldarria uztartuko dira, iraganaren balioa aitortzearekin batera etorkizunerako ikuspegi berritua plazaratzeko aukera baliatuz. Oñatin hasitako bideak 45 urte iraun ditu, eta oraindik ere bizirik dirau, belaunaldi berriei lekukoa pasatzeko prest. Topaketa horretan Korrikaren garrantzia eta beharra berriz ere agerian jartzea espero du AEKk, bai eta euskararen aldeko pizkunde soziala indarberritzea ere.