PPk bultzatuta Senatuko Osoko Bilkurak atzo onartu zuen ekimenaren arabera, demokrazian lehen aldiz planteatu zaio organo konstituzionalen arteko gatazka Kongresuari, amnistiaren lege-proposamena dela eta. Izan ere, “ezkutuko erreforma konstituzionala” dela iritzita, atzera botatzeko eskatu baitiote Behe Ganberari.

Euren gehiengo absolutua baliatu zuten popularrek Ganberan, eta Voxen babesa ere jaso zuten instituzioen arteko talka hori Kongresura eramateko. Gatazkaren kontra bozkatu zuten PSOEk eta bere kide parlamentarioek, eta abstentzio bakarra UPNko senatariarena izan zen.

Eztabaidan, Lanzaroteko senatari sozialista eta Senatuko laugarren idazkari Francisco Manuel Fajardok, ganberen arteko gatazka instituzionala otsailaren 23ko estatu-kolpe saiakerarekin alderatu zituen, talka hori “quieto todo el mundo” entzutetsuaren pare jarriz. Estefanía Beltrán de Heredia EAJko bozeramaileak, amnistia tramitatzea eragozteko “makineria guztia martxan jartzea” leporatu zion PPri.

PPk Senatuko abokatuen txostenari zurrun heldu dio, Kongresuan amnistia legea izapidetzearen aurka egin baitu, eta “Konstituzioaren ezkutuko erreforma” dela salatu du. Hori dela eta, araua bertan behera uzteko eskari formala luzatu dio Kongresuari. Behin Senatuko Osoko Bilkurak onartu ondoren, eskumen-gatazka hori gaur bertan iritsiko da Kongresura, eta 30 eguneko gehieneko epea izango du erantzuteko. Azken eguna, beraz, maiatzaren 11 izango da, Kataluniako hauteskundeen bezperako eguna. Hortik aurrera, Senatuari dagokio erabakitzea azkenean Konstituzio Auzitegira joko ote duen.

PPk onartu duenez, ez omen daukate argi amnistiaren gaiarekin Auzitegi Konstituzionalera noiz jo, eta eztabaidatzen ari omen dira araua Parlamentuak onartu aurretik eraman –gatazka honen bitartez–, ala behin betiko onartu arte itxarotea komeni zaien.