“Eskola txikiak bizirik, herri eta auzo txikiak bizirik” aldarrikatuz, datorren ekainaren 11n Eskola Txikien festaren XXXV edizioa ospatuko da Lizartzan.

Festa goizeko 10.00tan hasiko da eta, besteak beste, puzgarriak, eskulanak, urteroko bazkaria, bingo musikatua, zirku tailerra, eskalada, Isk&bila txaranga eta disko festa egongo dira egun osoan zehar.

Nahiz eta festa giroan ospatu, Eskola txikien festa aldarrikapenerako momentua ere bada eta Lizartzako kasuan, eskola berria eraikitzea da beharrik premiazkoena. Lizartzako Eskola Txikia Gipuzkoan dauden 27etako bat da; haur hezkuntzan 20 ikasle ditu eta Lehen Hezkuntzan, 46. Lizartzan bertan bizi diren ikasleez gain, Orexa, Gaztelu, Leaburu-Txarama eta Azkarateko haurrei ere ematen die zerbitzua. Guztira 42 familiak eta 14 irakaslek osatzen dute eskola komunitatea, garbitzailea eta jangelako hiru begiraleekin batera.

“Gure eskola da, Gipuzkoan dauden guztien artean, egoera kaxkarrenean dagoena. Eraikina oso zaharra da eta horrek izugarri baldintzatzen digu gure eguneroko jarduna, izan ere, herriko beste eremu batzuk erabili behar izaten baititugu klaseak aurrera eramateko”, salatu du. “Urte asko pasa dira eskola berria eraikitzeko eskaera eta aldarria egin genituenetik. Herriak, ikasleek, irakasleek eta senideek, eskolarentzat eraikin duin bat merezi dugu”, adierazi dute Lizartzako herri eskolako Guraso Elkartetik.

“Festa hau ezinbestekoa da eskola txikien garrantzia aldarrikatzeko eta herrietako eguneroko bizitzan zer nolako eragina duten azpimarratzeko. Eskola txikiak herri eta auzo txikien altxorrak dira; bertan haurrek aniztasunean euskaraz hezteko aukera dute, giro goxoan eta inguruarekin elkarrekintzan. Kalitatezko eskolak gara, herria bizirik mantentzen laguntzen duten eskolak. Horixe ospatu eta aldarrikatu nahi dugu festa honekin”, azaldu dute.

Bide batez, Eskola Txikien irakasle koordinatzaile Miren Odriozolak “hezkuntzarako eskubideak kalitatezkoa izan behar duela” nabarmendu du. “Eskola txikiak Euskal Eskola Publikoaren sarekoak gara, eta herrietako haurren hezkuntzarako eskubidearen berme nagusitzat dugu geure burua. Hezkuntzarako eskubideak kalitatezkoa izan behar duela sinisten dugu eta horretarako elkarlana dugu apustu estrategikoa”, erantsi du amaitzeko.