Suteek ia 60.000 hektarea kiskali dituzte dagoeneko sei autonomia-erkidegotan udako bigarren bero-bolada honetan. Gainera, atzoko haize boladek zaildu egin zituzten Galizian ia 20.000 hektarea suntsitu dituzten suteen itzaltze-lanak. Gaztela eta Leonen Avilako eta Zamorako suteekin kezkatuta jarraitzen zuten atzo, eta sute gehiago piztu ziren Zaragozan, eta sugarren hedapen maila altuak mehatxatutako Guadalajaran.

Losacioko (Zamora) eta Cebreroseko (Avila) suteek bilakaera ona izan zuten atzo arratsaldez, baina aurreikusitako haizea zela eta alerta egoeran jarraitzen zuen erkidegoak, Gaztela eta Leongo Juntak jakinarazi zuenez.

Igandean bi hildako utzi zituen Zamorako suteak -suhitzaile bat eta artaldearekin zebilen artzaina- indarrean jarraitzen du. Unerik la-tzenean 34 herri hustu behar izan zituzten arren, atzo sugarrak neurri batean kontrolatzea lortu zutenean, 20 herritako bizilagunek etxera itzultzeko aukera izan zuten.

Ávilan, Hoyo de Pinares herria ebakuatu behar izan zuten astelehen gauean, Cebreroseko suteak aurrera egin ahala. Madrileranzko norabidea hartu arren, “ez dago oraingoz arriskurik” ondoko erkidegora jauzi egiteko, Angel Arranz Gaztela eta Leongo Juntako Natura Ondare eta Baso Politikako zuzendari nagusiaren hitzetan.

Erkidego hartako Gobernuak zehaztu zuenez, Zamorako eta Avilako bi sute horiek berpiztearen beldur omen ziren, eta aireko bitartekoekin omen zenbiltzan suteak itzaltzeko ahaleginean.

Galizian

Galizian, berriz, ia 20.000 hektarea erre direla jakinarazi zuten atzo, Ourense eta Lugo bereziki kaltetu dituzten 16 suteen ondorioz; azken probintzia horretan, 6.920 hektareatik gora erre omen dira. Erkidego horretan bertan, atzo indarrean ziren suterik arriskutsuenak honako hauek ziren: haizeak amatatze lanak eragotzi zituen Carballeda de Valdeorras-ekoa (Ourense); bai eta Lugoko Folgoso inguruko eremuetakoa ere, Galiziako “birika berde” estimatua den O Courel mendilerroan esate baterako, etxeak ere erre baitira gutxienez hiru herrixkatan.

Folgoso do Courel udalerriko Vilamor parrokian eta A Pobra do Brollóngo Saan indarrean ziren lau suteek bat egin zuten, eta hura itzaltzeko ahaleginean dabiltza 16 teknikari, 96 baso-agente, 149 brigada, 89 motoponpa, 3 hondeamakina, 18 hegazkin, 20 helikoptero eta Laguntza Unitate Tekniko bat.

Kataluniako suhiltzaileek egonkortuta zituzten atzodanik Lleidan indarrean zen Ager eta Camarasako sutea, eta Bartzelonako Bages eskualdean piztutakoa; bien artean 1.800 hektarea inguru erre dira erkidegoan.

Sute hori egonkortu ahala, Bagesetik ebakuatutako 200 bizilagunek etxera itzultzeko aukera izan zuten, eta konfinamendua altxatu zieten beste 4.500 pertsona ingururi.

Extremaduran, Baso-suteen aurkako Borrokarako Planetik (Infoex) adierazi zutenez, Villanueva de la Veran (Cáceres) piztutako sutea kontrolpean zeukaten, aldez aurretik Casas de Miravetekoarekin eta Ladrillarrekoarekin (Las Hurdes) gertatu bezalaxe; Jertekoa ere egonkortzea lortu omen zuten.

Aragoin, astelehenean Atecan (Zaragoza) piztutako sutea berpiztu egin zen, eta 50 km/h-ko haize boladen eraginez “itzaltzeko ahalmenetik kanpo” omen zegoen, “sekulako abidaduran” 400 biztanle inguru dituen Moros herrirantz zihoalarik. Bestalde, atzo Valdepeñas de la Sierran (Guadalajara) piztutako sutea 2. mailara igo zen, eta konfinatu egin behar izan zuten).