Alberto Nuñez Feijoo PPko presidenteak aipatu zuenez, Consuelo Ordoñez Terrorismoaren Biktimen Kolektiboko (Covite) presidentea “erratuta” omen dago PPri kritikak luzatuz, eta argi adierazi nahi izan zuen ostegunean Kongresuan bildu ziren 19 biktimen elkarteek biziki eskertu ziotela deialdia. Are gehiago, Ana Iribarrek, Ordoñezen alargunak, mezua bidali omen zion partiduari bilera eskertuz eta covidak jota zegoelako ezin joango zela azalduz.

Consuelo Ordoñezek, ETAk Donostian 1995ean hildako PPko zinegotziaren arrebak, biktimen erabilpen usaina hartzen ziolako ez zela joan PPren bilerara hainbat hedabideetan aipatu ondoren egin zituen Feijook adierazpen horiek.

“Erratuta dagoela esango nuke eta informazio gutxi duela. Guk gonbita luzatu genuen, eta 19 elkartek etorriko zirela erantzun ziguten. Eta 18 etorri ziren “, esan zuen Feijook.

PPren udako ikastaroari amaiera emateko hitzaldian, alderdi horretako presidenteak gogor eraso zion “izen hori merezi ez duen” Memoria Demokratikoaren Legeari, bere alderdia “Espainiako Konstituzioa, Trantsizioa eta egia demokratikoa” defendatzen ari dela argudiatuz.

“Bilduren Legea” deitu zion hori indargabetzeko konpromisoa berretsi zuen, lege hori “ez memoria ez demokrazia” ez delakoan, gure memoriaren oinarriak “Demokrazia bonbardatu zutenekin, terrorismoa gaitzesten ez dutenekin eta Justiziarekin kolaboratzen ez dutenekin” hitzartzea suposatzen duelako.

Gainera, PSOEko hainbat buruzagi historiko, ostegunean Kongresuko Osoko Bilkuran onartutako Memoriaren Lege horren kontra azaldu direla ere azpimarratu zuen. “Frankismoa 1983ra arte luzatzea ez da parte oneko broma”, esanez amaitu zuen.