-Ukrainaren inbasioa dela eta Errusiari ezarritako zigorren ondorioz aurreikusten den petrolio-eskaintzaren beherakadaz jabetuta, petrolioaren merkatuak "azken hamarkadetako hornikuntza-krisirik handiena" izan daitekeenari aurre egin beharko dio. Ohartarazpen hori zabaldu zuen atzo Energiaren Nazioarteko Agentziak (AIE); bide batez, petrolioaren eskari globala handitzeko aurreikuspenak ere apaldu egin ditu, gatazkak munduko hazkundearen aurreikuspenetan izango duen eragin kaltegarria kontuan hartuz.

Hileroko buletinaren martxoko edizioan, Ekonomia-Lankidetza eta Garapenerako Erakundeari (ELGA) atxikitako agentziak adierazi du gerrak eragindako krisiak aldaketa iraunkorrak ekarri ditzakeela energia-merkatuetara, eta energia-trantsizioa bizkortzeko aukerak ere eskaintzen dituela azpimarratu du.

Eskaintzari dagokionean, Errusiako petrolio-ekoizpenean eskala handiko etenak gertatzearen perspektibak "munduko hornikuntzan shock bat sortzeko mehatxua" eragin dezakeela dio AIEk, zigorrak ezartzen direnean Errusiako ekoizpenak egunean 3 milioi upel (mb/d) gal baititzake, hornitu ohi dituen 8 mb/d inguruetatik.

Garbi adierazi du LPPEk (Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundea), oraingoz, eskaintza hileko kopuru apaletan soilik handitzeko akordioari eusteko asmoa duela; gainera, kartel horretako herrialdeen artean, Saudi Arabiak eta Arabiar Emirerri Batuek soilik omen dute Errusiaren defizita berehala konpentsatzen laguntzeko ahalmen gehigarria.

Irandik etor litekeen hornikuntza gehigarriren itxaropenari dagokionez, horretarako hilabeteak beharko liratekeela uste du AIEk, akordio nuklearrari buruzko elkarrizketak erabat geldirik daudelako. Beraz, LPEEtik haratago, ekoizpenaren hazkundeak Estatu Batuetatik, Kanadatik, Brasildik eta Guyanatik etorri beharko luke, epe motzean gorantz egiteko potentziala mugatua izan arren.

Eskaria aztertuta berriz, lehengaien prezioen igoerak eta Errusiari ezarritako nazioarteko zigorrek munduko ekonomian eragin depresore nabarmena izango dutela uste du AIEk, petrolio-kontsumoaren hazkundea ere oztopatuko duelarik. Hori kontuan hartuta, agentziak berrikusi egin ditu petrolioaren eskari orokorrerako aurreikuspenak, 2022ko bigarren eta laugarren hiruhilekoen artean kontsumorako 1,3 mb/d-ko murrizketa aurreikusiz. Datu horren arabera, urte osoan kontsumorako aurreikusitako hazkundean eguneko 950.000 upeleko beheranzko doikuntza egingo da, 2022rako batez bestekoa 2,1 mb/d ingurukoa izango delarik.

Nazioarteko agentziak azaldu duenez, ELGAko industriaren erreserba guztiak 22,1 milioi upeletan murriztu omen dira urtarrilean, 2.621 milioi unitatetan kokatuz, hau da, 2014ko apiriletik izan duen mailarik baxuenean.

Beraz, industriaren izakinak 57,2 eguneko eskaerari erantzuteko gai izango lirateke, aurreko urtean baino 13,6 egun gutxiagorako. Ezin ahaztu gainera, AEBetako, Europako eta Japoniako aurretiazko datuek erakusten dutenez, industriaren izakinak beste 29,8 milioi upeleko galera izan omen zutela otsailean.