- 2024rako funts propioen eta pasibo onargarrien gutxieneko errekerimendu formala (MREL) jakinarazi dio Kutxabanki Espainiako Bankuak, eta euskal bankuak dagoeneko betetzen omen du, euskal erakundeak atzo jakinarazi zuenez.

Baldintzak Suntsiarazpen Batzorde Bakarrak finkatu ditu, eta, euskal bankuaren arabera, Espainiako eta Europako finantza-sistemako baxuenetakoak omen dira. MREL kaudimen-koltxoi bat da, krisi berriei aurre egiteko eta erakundeen erreskate publikoa saihesteko erregulatzaileak bankuei eskatzen diena. Krisiaren aurkako ezkutu hori, bi urteko aurrerapenaz bete du Kutxabankek.

2024ko urtarrilaren 1etik aurrera, funts propioen eta pasiboen bolumen kontsolidatua, gutxienez, arriskuaren eraginpean egotearen guztizko zenbatekoaren (TREA) %17,28an izan beharko du, eta palanka-efektuaren ratioaren (LRE) ondorioetarako esposizioak %5,25era iritsi, aurreko errekerimenduarekiko egonkor mantenduz.

Erakundeak %2,5eko kapitalaren kontserbazio-koltxoia mantendu beharko du, arriskuaren arabera haztatutako aktiboei dagokienez. Horrez gain, tarteko helburu lotesle bat ezarri da 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, TREAren kasuan %16,59koa eta LREaren %5,25ekoa.

Euskal bankuaren arabera Kutxabankek ondo betetzen ditu 2024ko ekitaldirako ezarritako eskariak. Izan ere, Kutxabankek 500 milioi euroko bonu seniorra jaulki baitzuen 2019ko irailean, eta bigarren bonu senior bat formatu berdean, hura ere 500 milioi eurokoa, 2021eko urrian. Bi jaulkipen horiek oso harrera ona izan zuten.

Kutxabanken iritziz, Ebazpeneko Batzorde Bakarraren azterketaren emaitzak oso ikuspegi positiboa islatzen du taldearen estrategiari buruz.