Tolosaldeak, bigarren bandera
ETE LIGA Pasaian nagusi, Deustu, Hibaika eta San Juanen aurretik
- ETE Ligako lehen jardunaldietan oso lehia interesgarria piztu da Tolosaldearen eta Deusturen artean. Txapelketaren estreinaldian, Patxi Francesen neskek irabazi zuten eta bilbotarrak bigarren izan ziren; eta Getarian jokatutako bigarren jardunaldian, bi traineruek postuak trukatu zituzten. Pasaian tolosarrak izan ziren garaile (11:02:47), Deusturi lau segundo eta 50 ehuneneko aldea aterata, eta, bide batez, sailkapen orokorreko lidergoa berreskuratuz. Ohorezko txandan parte hartu zuten Hibaika (11:10:34) eta San Juan (11:16:73) hirugarren eta laugarren sailkatu ziren.
Eguraldi txarrak baldintzatu zuen estropada, arraunlariek euriari eta haizeari aurre egin behar izan bai-tzieten. Tolosaldeak Deusturen eta Hibaikaren parean egin zuen lehen maniobra, baina bilbotarrak izan ziren ziaboga egiten lehenak. Itzulerako luzean, ordea, tolosarrek estropadaren branka berreskuratu zuten helmugan nagusitu arte. Sailkapen nagusian bosgarren den Zumaia (11:21:64) erraz nagusitu zen bigarren txandan. Lehenengoan aurten debutari den Zarautzek (11:56:28) hasierako bi estropadetan erakutsitako sentsazio onak berretsi zituen.