Sherpai.ai Txapelketa Nagusia estreinatuko da gaur
- Lehen aldiz, Euskal Herriko aizkolari onenak eurek antolatutako Sherpai.ai Txapelketa Nagusia izenekoan lehiatuko dira gaur, Euskal Federazioarekin harremanak eten ostean. Txapelketa berri hau bultzatzean, lehiaketa modernizatzea eta kudeaketari ideia berriak ematea dira kirolarien helburuak. Hasteko, webgune berria jarri dute martxan, hantxe daude ikusgai parte-hartzaileen ibilbideak, eta laster finalerako sarrerak eskuratzeko aukera ere izango da (aizkolaritxapelketanagusia.eus).
Ibilbide berri honen lehen urratsa gaur emango dute Gurutzeaga pilotalekuan jokatuko den kanporaketarekin. Hamar hautagai izango dira lehian, hilaren 29an Bilbon jokatuko den finalean sartzeko sei txartelen bila. Iker Vicente, Mikel Larrañaga, Julen Alberdi, Aitzol Atutxa, Eneko Otaño, Jon Rekondo, Ruben Saralegi, Jesus Mari Mujika, Ugaitz Mugerza eta Jon Irazu txapela jokoan izango duen finalean sartzen saiatuko dira gaur. Maila nagusian dauden Iker Azurmendik eta Juanjo Lopez Azpilikuetak ezin izango dute parte hartu. Beasaindarra konfinatuta dago, eta nafarrak arazo fisikoak ditu.
Kirol arloari dagokionean, txapelketak bere betiko ezaugarriei eutsiko die. Kanporaketa honetan, aizkolari bakoitzak bi kanaerdiko, 60 hazbeteko bi enbor eta bi oinbiko ebaki beharko ditu, hau da, 1,25 metroko perimetroko, 1,39ko eta 1,66 metroko seina enbor. Finalean, aizkolariek tamaina horretako launa enbor moztuko dituzte. Euskal Herriko Herri Kirol Federazioak debekatu egin zien aizkolariei euren txapelketa ofizialtzat izenda-tzea, baita Euskal Herriaren izena edo ikurrak erabiltzea ere. Erakundeak ez zion Lehen Mailako txapelketa antolatzeari uko egin, baina aizkolariek ez zuten izenik eman nahi izan. Bigarren mailan, ordea, sei aizkolari apuntatu dira, eta Miribillako finalean beste zortzi kirolari lehiatuko dira txapelketa berriko bi posturen bila.
Iker Vicente (Otsagabia, Nafarroa, 1997). Bere lehen titulua irabazi zuen iaz.
Mikel Larrañaga (Azpeitia, 1989). Bigarren 2019an, bere emaitzarik onena izanik.
Julen Alberdi, Txikia IV (Azkoitia, 1991). Iaz jokatu zuen lehen finalean hirugarren izan zen Otaño segundo batean gaindituta.
Eneko Otaño (Beizama, 1994). Laugarren azken finalean.
Jon Rekondo (Leitza, Nafarroa, 1985). Bosgarrena 2019an. Bere lehen finala izan zen.
Jesus Mari Mujika (Ibarra, 1976). Zazpigarren sailkatu zen aurreko kanporaketan.
Ugaitz Mugerza (Mutriku, 1987). Zortzigarrena iaz. 2016ko eta 2017ko finaletan egon zen.
Aitzol Atutxa (Dima, Bizkaia, 1988). Bost aldiz txapeldun. 2019an ez zen sailkatu.
Ruben Saralegi (Leitza, Nafarroa, 1990). Ez da inoiz finalean sartu.
Jon Irazu (Zizurkil, 1982). Bigarren Mailako txapelduna. Lehen mailako txapeldunordea 2015ean.