- Aste Santuan turismoa sustatzeko, Eusko Jaurlaritzak kanpaina bat hasiko du. Bertan, bisitariei Euskadi ezagutzeko gonbita luzatuko zaie, eta, batez ere, egonaldian zehar Euskadi "bizi dezatela". Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak atzo aurkeztu zuen apirileko oporretarako turismo-kanpaina, batez ere estatuko bisitariei begira, baita Frantzia hegoaldeko eta Portugalgo publikoarentzat ere.

Kanpainaren Bizit Euskadi esloganak visit (ingelesez bisitatu) eta bizitza kontzeptuak batzen ditu, "parekorik ez duen" esperientzia bizitzera gonbidatuz.

"Nagusiki ikus-entzunezkoa den kanpaina honekin, gure Euskadi anitza erakutsi nahi dugu, aberastasun eta aniztasun turistiko handikoa, mundu mailan izen handiko gastronomia duena, eta bi ordu eskasean plan-aniztasun izugarria eskaintzen digun ingurunea", esan zuen sailburuak.

Hurtadoren hitzetan, Euskadiko turismoak dituen "indar-guneak" ere erakutsi nahi omen dituzte kanpainarekin: jasangarria eta arduratsua, ingurunearekiko errespetuzkoa, eta bisitariak gure izaten saiatzen dena". "Zer garen modu emozionalagoan nola adierazi pentsatzen jardun dugu; turistek gero eta gehiago nahi izaten dituzte esperientzia bakarrak, parekorik ez dutenak bizi; bisitatzen duten lekuan modu hurbilagoan murgildu direla sentitu, bertako bizilagunak bailiran", azaldu zuen.

Horregatik azpimarratu zuen, euskaldunok beti hartu izan ditugula bisitariak "guretakoak balira bezala, horixe baita berriro itzuli eta enbaxadore bihurtzeko modurik onena. Euskadi benetan bizitzea nahi dugu", aldarrikatu zuen.

Ukrainako gatazkaren kezka Kontseilariak azaldu zuenez, kanpaina, batez ere, estatuko turistari begira moldatu dute, besteak beste, Ukrainaren inbasioak, drama humanitarioak berezkoa duen garrantziaz gain, ondorio ekonomikoak eta mugikortasunekoak ekarriko dituelako, eta horrek hainbat sektoreri eragingo dielako, besteak beste, turismoari.

"Ziurgabetasun" hori gorabehera, Euskadiren "eskaintza paregabea" aurkezterako orduan, aurreikuspenak oso baikorrak omen dira.

Aurtengo urterako, turismoaren aurreikuspenak oso onak direla nabarmendu zuen, kontuan izanik, 2021ean Euskadik 1,2 milioi bidaiari berreskuratu zituela aurreko urtearekiko, %83ko hazkundearekin. Estatuko %32 turista gehiago erakarrita lortu zen nazioarteko turismoaren beherakada arintzea, batez ere 2021eko bigarren seihileko bikainari esker.

Javier Hurtadok azaldu zuenez, kanpaina hau baliatu nahi du Eusko Jaurlaritzak "gure benetako Euskadi erakusteko: anitza, aberastasun eta aniztasun turistiko handikoa, mundu mailan izen handiko gastronomia duena, eta bi ordu eskasean plan-aniztasun izugarria eskaintzen diguna".