AMAK taldea arduratu da gaur txotx denboraldi berriari hasiera emateaz Astigarragako Gurutzeta sagardotegian, zazpi zenbakidun upela irekitzearekin batera. Alaitz Telletxea, Maixa Lizarribar, Amaia Oreja eta Kris Solano dira AMAK. Lau izenen lehen letrarekin osatutako taldea da, eta lauak amak dira gainera. Trikitixa eta panderoa astinduz, Euskal Herriko plaza gehienak zapaldu dituzte, sagardotegiak ere bai, baina gaur instrumentuak alde batera utzi eta Sagardo Berriaren Eguneko protagonista postua okupatu dute.

29. Sagardo Berriaren Eguna ospatu dutenek 2021eko uzta dastatzeko aukera izan dute, iaz baino arinagoa dena, eta sagardoak lurrintsuak badira ere, alkohol graduazio baxuagoa dute. Bertako sagarrekin ekoitzi duten sagardoaren %40 -3,5 milioi litro- Euskal Sagardoa Jatorri Deitura zigilupean egin dute.

Prentsaurrekoan lehendabiziko hitza Aintzane Barandiaranek, Astigarragako alkateordeak hartu du, izan ere, Xabier Urdangarin alkatea etxean konfinatuta baitzegoen covida dela eta. "Sagardo denboraldiaren onuradun nagusia sagardoaren sektorea ez ezik, herria bera ere bada. Sagardogintzak Astigarragan sare ekonomiko handia sustatzen du: hornitzaileak, jatetxeak, tabernak, komertzioak eta sagardogintzak berarekin dakartzan lanpostuak, baita hemen daukagun Sagardoetxea ere", adierazi du Barandiaranek.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Landa Garapeneko zuzendariak, Xabier Arrutik, azpimarratu du "urte zailak" izaten ari direla, baina sagardo sektoreak aurrera begirako estrategiak oso landuta dauzkala. "Pandemia dela eta, Aldundia saiatu da dirulaguntza berezi batzuk ateratzen egoera kointural horri laguntzeko, baina lehendik genituen ekimenekin ere jarraitu nahi izan dugu. Besteak beste, dirulaguntza deialdia zabaldu izan dugu sagarrondoak landatzeko eta Jatorri Izendapenaren aterkipean bertako sagarrekin sagardoa ekoizteko, ekoizleei lurrak eskuratzeko edo belaunaldi aldaketa gauzatzeko. Horrez gain, sagardo sektoreak bere estrategiak administrazioarekin partekatzen ditu eta horrek epe motzeko arazo koiunturalei aurre egiteko erraztasuna ematen dio administrazioari", azaldu du Arrutik.

Gaur egun, 250 sagargilek eta 59 sagardogilek osatzen dute Euskal Sagardoa eta jatorri deituran produkzio osoaren %40 egin bada ere, hemendik hamar urtera produkzioaren %100 izatea omen da asmoa.

SAGARDO BERRIA

Unai Agirre Euskal Sagardoa jatorri izendapeneko zuzendariak adierazi duenez, 2021eko uzta espero baino handiagoa izan da bi faktoreren ondorioz. "Batetik, sagar urtea tokatzen zen. 2020ko uzta txikia izan zen eta beraz, 2021ekoari handia izatea tokatzen zitzaion. Horrez gain, sagasti berriak ere sartu dira produkzioan eta sektorea esfortzu handia egiten ari da, administrazioekin elkarlanean, gero eta bertako sagar gehiago izateko. Ondorioz, uzta historikoa izan dugu", azpimarratu du Agirrek.

Bost milioi sagar kilo inguru bildu dituzte Euskal Sagardoaren barruan eta hortik etorri dira ekoiztu dituzten 3,5 milioi litroak. "2020ko urtearekin alderatuta, hiru aldiz handiagoa da uzta", azaldu du jatorri deiturako zuzendariak.

Sagar "oso ona" izan omen da 2021ekoa, izan ere, sanoa izateaz gain, heldutasuna denbora luzean izan baitu. "Horren ondorioz, sagardo desberdinak ekoiztu ahal izan dituzte sagardogileek. Guk jatorri deituraren barruan 115 sagar mota dauzkagu onartuta eta horietatik 24 dira nagusiak. Sagardogileek horiekin jolas handi bat egiteko aukera izan dute sagardotegietan eta gutxitan bezala, Euskal Sagardoaren barruan sagar mota jakineko sagardoak edo bat, bi edo hiru motarekin egindakoak aurkituko dituzue", adierazi du Agirrek.

Uzta berriaren ezaugarri orokorrak azaldu ondoren, Gurutzeta sagardotegiko Joxe Angel Goñi jabeak gaur bertan dastatu ahal izan den sagardoa nolakoa den adierazi du. "Gure erronka bertako sagarra ahalik eta gehien erabiltzea zen eta pozik gaude produkzio guztia bertako sagarrarekin egitea lortu dugulako. Orain dastatuko dugun upel hori Aiako sagarrez eginda dago eta usaimen aldetik abiatuta, esan genezake limoi eta laranja-lore puntuak aldi berean agertzen direla. Ahoan ordea, hasieran garraztasun puntu bat dauka eta bukaeran mikatza izatera pasatzen da", nabarmendu du Goñik.

TXUPINAZOA

Aurtengo Sagardo Berriaren eguneko prentsaurrekoaren ondoren, ohiturak agintzen duen moduan, AMAK taldeak sagarrondo bat landatu du Sagardoetxeko sagastian. Amaitu dutenean, Agin Laburu eta Amets Arzallus bertsolariek sagardoarekin erlazionatutako bertsoak abestu dituzte, kazetari eta gonbidatuek adi-adi entzuten zituzten bitartean.

Jarraian, eguneko une garrantzitsuena bizitzeko gogoz, Sagardoetxetik Gurutzera sagardotegira joan dira guztiak. 13.30ean, txalapartarien laguntzaz, sagar dantza egin du dantzari gaztez osatutako talde batek eta, jarraian, AMAK taldeak parte hartu duen soka dantza baten bidez, dantzariak eta gonbidatuak Gurutzetako upelen eremura sartu dira.

Momentu gogoangarriena 13:45ean iritsi da. AMAK taldeak zazpi zenbakidun upela zabaldu du "gure sagardo berria!" oihukatuz eta gustura dastatu dute aurtengo uzta.

Aurreko urteetan bertaratutako guztiei sagardoa dastatzeko aukera eta menua eskaintzen bazitzaien ere, aurten pandemiagatik ezin izan da horrelakorik egin. Pertsona kopuru mugatu batek bakarrik dastatu ahal izan du sagardotegiko bazkaria, eserita eta txotx egitera altxatzeko aukerarik izan gabe.