Ikertzaile gazteen baldintzak hobetu ditu EHUk

Euskal unibertsitate publikoak 300 lanpostuko EPE deialdia egin du irakasle eta ikertzaileentzat

17.12.2021 | 01:08

donostia – Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) aldi baterako ikertzaileen lan-baldintzak hobetuko ditu, haien ordainsaria Estatuko unibertsitateen mailarik altuenean kokatuz. 1.200 ikertzaile gazteri egingo die mesede neurri berri horrek. Horretaz gain, irakasle eta ikertzaileentzako lan-eskaintza publikoak deituko ditu, orotara 300 plazatik gora eskainiz.

UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak, Eva Ferreira errektorearen taldeak eta gehiengo sindikalak (lan-arloko irakasle eta ikertzaileen %81eko ordezkaritza duten LAB, Steilas eta CCOOrekin) sinatutako akordioa berretsi zuen atzo; horrela, lan-kontratuko langileen hitzarmen kolektiboaren baldintzak Zientziaren Legean aldi baterako ikertzaileentzat ezarritako araudira egokituko dira (doktoratu aurrekoak eta doktoratu ondokoak).

EHUk azpimarratu zuenez, akordio hori "aurrerapauso garrantzitsua izan da kolektibo horren lan-baldintzak hobetzeko". Izan ere, 2010ean onartutako UPV/EHUren hitzarmenean ezarritako xedapenak egokitzea ezinbestekoa baitzen. Adierazi zutenez, hitzarmenak erregulazio "argiagoa eta objektiboagoa" dakar kolektibo horren ikerketa-karrerarako, eta ziurtatu egingo du, deialdi desberdinen gora beheran, bidegabekeriarik edo desberdintasunik ez gertatzea. Baldintza horiek hobetzeak, 1.200 pertsonari egingo die mesede unibertsitate osoan.

Berrespen horrekiko honako hau aipatu zuen Eva Ferreira errektoreak: "akordio honi esker soldata-zoru egokia ziurtatzen da, eta ordainsarien eta ikertzaileei esleitzen zaizkien funtzioen arteko koherentzia bermatzen da, eskatutako arduraren eta ikerketa-heldutasunaren arabera".

Berretsitako akordioak soldata bera bermatzen die 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera doktoratu aurreko kontratua duten ikertzaileei, laguntza zein deialditatik datorren kontuan hartu gabe. Hitzarmenean jasotzen denez, baldintza horiek atzeraeraginezko izaerarekin aplikatuko zaizkie data jakin horretan kontratua indarrean duten langile guztiei, eta zordundutako zenbatekoak kitapen moduan ordainduko dira. Doktoratu aurreko kontratuak irauten dituen lau urteetan ordainsariak urtero eguneratuko direla ere bermatzen da.

noticias de noticiasdegipuzkoa