- Azken hamarkadan Euskadin bikoiztu egin da ekoizpen zientifikoa. Euskadiko ikertzaileen lanak 7.523 argitalpen zientifiko ekarri zituen 2020an; alegia, %13tik gorako hazkundea eta azken zortzi urteetako gorakadarik handiena.

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, 2021eko Euskadiko Zientziari buruzko Txostenaren emaitzak aurkeztu zituen atzo Bilbon, Amaia Esquisabel Ikerketako zuzendariarekin eta Fernando Cossío Ikerbasqueko zuzendari zientifikoarekin batera.

Txostenean Euskadiko emaitza nagusiak jasotzen dira ikertzaileei, zientziaren finantzaketari, emaitza zientifikoei eta transferentzia teknologikoari dagokienean, Ikerboost Zientzia eta Teknologiaren Euskal Behatokiak monitorizatutako adierazleen bidez.

Bertan jasotzen denez, EAEn ekoizpen zientifikoa %13 hazi da azken urtean, 7.523 argitalpenetara iritsi arte. Kopuru horrek azken zortzi urteetako hazkunderik handiena erakusten du.

Ekoizpen zientifikoaren hazkundea Estatukoa baino handiagoa izanik, Euskadiren pisu erlatiboak “gora egin du etengabe azken hamar urteotan”, 2020an Estatuko ekoizpen zientifikoaren %6,7 izatera iritsiz. Datuek erakusten dutenez, azken hamarkadan bikoiztu egin da Euskadiren ekoizpen zientifikoa.

Ikerketa-ekoizpenaren kalitateak nabarmen egin du gora, eta hori garbi islatzen da maila goreneko aldizkarietan argitaratutako zien-tzia-ekoizpenaren ehunekoan, hots, ospe handienekotzat jotzen direnetan; izan ere, kopuru hori bikoiztu egin baita azken hamarkadan Euskadin. 2020an, ekoizpen zientifikoaren ia %60, munduko lehen mailako aldizkarietan argitaratu da. Bestalde, EAEko ikertzaileak mundu mailako zientzia ekoizten duten herrialde nagusiekin lankidetzan dabiltza ikerketaren emaitzak argitaratzeko orduan: Estatu Batuak, Alemania, Erresuma Batua, Fran-tzia eta Italia.

Euskadiko ekoizpen zientifikoaren nazioartekotzea ia 20 puntu igo da azken hamarkadan, 2008an nazioarteko lankidetzarekin egindako argitalpenak %35 izatetik, 2020an %55 izateraino. Nazioarteko lankidetza horietan, Euskadiko ikertzaileek posizio “oinarri-oinarrizkoa” dute, kasu askotan, argitalpen zientifikoen eragile nagusiak izanik.

Estatistika Erakunde Nazionalaren (INE) 2019ko datuen arabera, BPGren ehunekoarekiko, I+Gko jardueretan gehien inbertitzen duen Estatuko autonomia-erkidegoa Euskadi da, ia %2. Eustatek argitaratutako I+Gko inbertsioari buruzko Euskadiko datuen arabera, aurreko urtearen aldean %4tik gora hazi da, 1.480 milioi euroko maximo historikora iritsiz.

Ildo beretik jarraituz, Euskadi liderra da Estatuan Horizon 2020 Europako programaren per capita itzuleran, 2014 eta 2020 artean 851 milioi jaso baititu. Horizon 2020 programa, gaur egungo Horizon Europe deiturikoa, “funtsezko tresna bihurtu da Europar Batasuneko ikerketa eta berrikuntza jardueretarako”. Kontuan izatekoa da, ekoizpen zientifikoaren %5 inguru patenteetan aipatzen dela, ezagutza berria sortu eta hura aplikatu arteko ezinbesteko denbora igaro ondoren.

Egitasmo horren baitan, aipamen berezia merezi dute Europako Ikerketa Kontseiluaren ERC laguntzek, ezagutzaren mugetan ikertzen jarraitu nahi duten edozein nazionalitate eta adinetako ikertzaileei laguntzak eskaintzen baitizkiete. Gaur egun “bikaintasunaren adierazle” ere bihurtu dira nazioarte mailan, proposamen kopuru handia jasotzen dutelako eta ebaluazio-prozesua oso zorrotza izaten delako. Euskadin 35 ERC proiektu garatu dira, eta iaz 17 lan zeuden abian.

Sektorekako produkzioari dagokionez, Euskadiko ekoizpen zientifiko osoaren %65ean unibertsitateek parte hartzen dute - UPV/EHUk bultzatutakoak, eta 2020an indexatutako 4.000 argitalpenetik gora ekarri dituztenak -, eta horien atzetik datoz osasun-sektorea, BERC zentroak eta zentro teknologikoak.