- Osasun Sailak bere egin du Sendagaien Europako Agentziaren (EMA) gomendioa, Modernarekin emandako oroitzapen-dosia orain arte emandakoaren erdia izatearen alde agertu baitzen, farmazia-konpainiak berak gomendatu bezala. Estrategiaren aldaketan zehazten denez, dagoeneko 0,5ml-ko Modernaren oroitzapen-dosia jaso duten 70 urte eta gehiagoko pertsonak "ondo txertatutzat hartuko dira, eta ez da beharrezkoa izango zain-tza berezirik egitea".

Beraz, 70 urtetik gorakoei eta Janssenen serum monodosia jasotakoei jarriko zaien hirugarren oroitzapen-dosia 0,25 ml-koa izango da Modernaren kasuan, alegia, ohiko dosiaren erdia; eta 0,3 ml-koa Pfizer emanez gero, kasu horretan, hasieratik erabili zen kopuru bera delarik.

Horrela dago zehaztuta covid-19aren aurkako txertaketa-estrategiaren 9. eguneratzean. Estrategia berri horretan daude jasota Osasun Publikoaren Batzordearen azken akordioak, 70eko urtetik gorako adinekoei, instituzionalizatuei eta immunodeprimituei, eta Janssenekin txertatuta daudenei, RNA mezulari-txertoen (Pfizer edo Moderna) oroigarri-dosi bat ematerako orduan.

Eguneratzean argi azaltzen da, egungo egoera epidemiologikoa eta aldaera nagusiak kontuan izanik, "ez dela gomendatzen Janssenen txertoa erabiltzea lehen txertaketarako" (pertsona bat immunizatu egoteko ezinbestekoa den txertaketa-pauta).