-Iaz gertatu bezala, aurten ere ezingo dira ikastolen jaiak ohiko formatuan egin. Beraz, euskararen eta euskal kulturaren plaza diren jai hauek, covid-19aren ondorioak pairatuko dituzte berriro ere, bigarrenez.

Hala ere, azaroaren 27an, aurreko urtetan lekuetan bertan bizi izan den giroaren lagin batekin gozatzeko aukerarik izango da Euskalduna jauregian.

Han izango dira Amak taldea, Eñaut Elorrieta, Anje Duhalde eta Paz de Ziganda ikastolako helduen abesbatza. Iazko jaialdiaren ereduari jarraituz, aurtengoan ere Mikel Pagadi eta Zuhaitz Gurrutxaga arituko dira aurkezle lanetan.

Ikastolak Herriari jaialdia iluntzeko 20.00etan hasiko da eta sarrerak dagoeneko hamabost eurotan salgai daude Euskalduna jauregiaren webgunean.

Herri Urrats, Ibilaldia, Araba Euskaraz, Kilometroak eta Nafarroa Oinez formatu txikian egin dira aurten. Urriaren 17an Lizarran ospatutako Nafarroa Oinez, ohiko garai bateko haien ezaugarrietara gehien hurbildu zen festa izan arren, ekonomikoki ere helburuetatik oso urruti geratu zen, pandemiak baldintzatutako egoerara moldatzearen ondorioz. Hala ere, ikastolen etxean atzo eskainitako prentsaurrekoan, burutu berri den jaian “iazko argazki desolatuari buelta” ematea lortu zela azpimarratu zuten ikastolen ordezkariek.

Euskalduna jauregian egingo den jaialdia ETBk ere eskainiko du, egin eta handik egun batzuetara.