- Astelehenean WhatsAppek, Facebookek eta Instagramek izandako arazoen ondorioz sare sozialaren akzioek pairatutako beherakada kontuan izanik, Facebooken sortzaile eta kontseilari delegatu Mark Zuckerbergen ondare zenbatetsia 6.000 milioi dolarretan (5.165 milioi euro) murriztu da. Bloomberg Billionaires Indexek eskainitako datuen arabera, Zuckerbergen dirutza pertsonala 122.000 milioi dolarreraino (105.039 milioi euro) hondoratu zen astelehenean, alegia, 6.110 milioi dolarreko (5.260 milioi euro) murrizketa jasan zuen bezperako saioaren aldean.

Facebooken itzalaldia, gainera, The Wall Street Journal egunkarian barne-txostenetan oinarritutako artikulu batzuk argitaratu eta enpresaren jarduera herritarren artean bolo-bolo dabilenean etorri da. Besteak beste, Instagram nerabeentzat bereziki toxikoa dela onartzen dute idazki horietan, hiru neskatik batek bere gorputz-irudiari buruz dituen arazoak "larriago-tzen" dituelako.

Aisiatik eta entretenimendu hutsetik haratago, adituen ustez, astelehen honetan gertatutako sare sozialen itzalaldiak ondorio ekonomiko, sozial eta pertsonal oso larriak ditu, aplikazio horietako asko lan-tresnatzat erabiltzen baitira egunero. Hainbat adituk adierazi dutenez, enpresa horiek erabiltzaileei eskain-tzen dizkieten doako zerbitzuak dira, eta, honenbestez, ez dago inolako kalte-ordainik erreklamatzeko modurik; izan ere, konpainiek hasiera batetik ohartarazten baitiete erabiltzaileei alta emateko orduan -gutxik irakurri arren- zerbitzu hori eten egin daitekeela.

Miguel Subías Interneteko Erabiltzaileen Elkarteko (AUI) presidentearen arabera, erraldoi horiekin salbu daudela uste omen dute herritarrek, eta tankera horretako espresek eskaintzen dituzten "hodeian" gero eta datu edo informazio gehiago uzten omen dute, "zerbitzu hori eten egin daitekeela dioten baldin-tzak irakurri eta horietan erreparatu gabe". Panda informatika-segurtasuneko enpresaren ustez, litekeena omen da detektatu ez den akatsen bat gertatu eta horrek hutsegite-katea eragin izana. Argi adierazi dute, eroriko handien sorburu ohikoena giza despistea izan ohi dela; kasu honetan, asmo txarreko erasoren baten ondorioz gertatu izana baztertu gabe.