- Euskotrenen sareak 19,6 milioi bidaiari garraiatu ditu abuztura bitartean; 2020an baino 3,5 milioi gehiago, baina oraindik ere, 2019an baino %26 gutxiago.

Hala adierazi zuen Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak atzo Legebiltzarrean, ikasturte politiko berriko lehen kontrol saioan, Eneko Andueza sozialisten bozeramaileak egindako galderari erantzunez.

Arriolak onartu egin zuen pandemiak euskal garraio publikoan izandako eragina. 2020an, mugikortasunaren murrizketen ondorioz, bidaiari kopurua nabarmen gutxitu zela azaldu zuen; halaber, 2021ean, covid-aren aurreko erabilpen maila errekuperatzeko joera argi antzematen dela adierazi nahi izan zuen.

Zerbitzuka aztertuz gero, hobekun-tza etengabe ari omen da gertatzen. Arriolaren esanetan, aurten 12,1 milioi pertsonek erabili omen dute trena, hau da, 2020an baino %20 bidaiari gehiago, eta “covid aurreko mailaren %78ra iritsiz”.

Sailburuak azaldu duenez, goranzko joera antzekoa ikusten omen da Bilboko eta Gasteizko tranbietan. 2020an zerbitzu horren erabilera %50era jaitsi zen Bizkaiko hiriburuan eta %55era Arabakoan; aurten, aldiz, datu horiek hobetu egin dira, %15eko eta %20ko hazkundearekin, hurrenez hurren.

Euskotrenek Gipuzkoan eta Bizkaian kudeatzen duen errepideko zerbitzuak ere hobera egin du, dagoeneko, aurten, bidaiarien %77 berreskuratuz.

Gogora ekarri zuen, urte eta erdiz zerbitzu berezirik eskaini gabe egon ondoren, aurreko irailaren 19an Realak Sevillaren aurka Anoetan jokatu zuen partidarako errefortzuak jarri zirela berriro ere garraio publikoan.

Azkenik, Euskotrenen zerbitzu operatibo guztietan edukieraren %100ean zirkulatzen ari direla aipatu zuen, eta soilik gaueko tren batzuen zirkulazioak jarraitzen duela mugatuta, osasun agintarien aginduei jarraituz. “Susperraldiaren joera sendotzea, eta pandemiaren bilakaerari buruzko albiste onak jasotzen jarraitzea espero dugu”, garraio publikoaren erabiltzaile kopuruak hazten segi dezan.

Hala ere, 2020an baino 3,5 milioi bidaiari gehiago garraiatu ditu abuztura bitartean eta zerbitzuen 100% berreskuratu ditu