Eskolara itzultzeko prest

04.09.2021 | 23:48
Iñigo Escribano, Donostiako Jiménez liburu-dendaren jabea, bezero bati eskolako materiala erakusten.

Ikasturte berria aste honetan bertan hasiko da ikastetxeetan eta Gipuzkoako liburu-dendak ikasleentzako askotariko materiala saltzen ari dira egunotan etengabe.

Egun gutxi falta dira haurrak eta gazteak eskolara itzultzeko eta urtero bezala, iraila hastearekin batera, Gipuzkoako liburu-dendak etengabe ari dira lanean. Testu liburuak, arkatzak, boligrafoak... denetarik aurki daiteke horrelako establezimenduetan, baina ikasturte hasieran zehazki zer saltzen duten jakiteko asmoz, egunkari hau liburu-denda batzuetara gerturatu da.

Zumaiako Aizpurua liburu-dendako jabea, Itziar Aizpurua, biltegira sartu da bezero batek bere seme-alabek eskolarako behar dituzten lan koardenoak eskatu dizkiolako. "Begira zenbat liburu erabiliko dituzuen aurten!", esan die bezeroak bere haurrei liburuak ikusitakoan. Aizpuruak uda guztian zehar saltzen omen du eskolako materiala. "Ikasleei oporrak hartzen dituzten egunean hurrengo ikasturtean beharko dituzten liburuen zerrenda ematen diete, eta batzuk ekainean bertan hasten dira materiala erosten. Beste batzuk ordea azkenengo egunera arte ez dira etortzen. Orain irailean sartu gara, eta askoz lan gehiago dugu dendan", adierazi du.

Azkenaldian, ilarak sortzen dira egunero Aizpurua liburu-dendaren kanpoaldean eta barrura sartzerakoan gauza ugari eskatzen dituzte bezeroek: koadernoak, boligrafoak, margoak eta baita bestelako materiala ere.

Lan koadernoen salmenta ere ondo doakio Aizpuruari. "Gehienak dendara etortzen dira haien bila eta zein mailatakoak behar dituzten esaten didate. Nik dagoeneko prestatuta dauzkat eta zuzenean ematen dizkiet. Baina badira eskaera telefonoz egiten dutenak ere", adierazi du.

Testu liburuak aldiz, eskolan bertan ematen dizkiete haurrei Zumaian. "Herri Eskolan behintzat, guraso elkarteak 100 euro inguru kobratzen dizkie gurasoei eta liburuak uzten dizkiete ikasturtea amaitu arte. Ondoren, berriro itzuli behar izaten dituzte eta horrela merkeago irteten da", zehaztu du.

Nobedadeei dagokionez, Aizpuruak adierazi du "gero eta gutxiago" atera-tzen dituztela, nahiz eta beti zerbait berria egon. "Eskolako nobedadeak baino gehiago, ikasturtea hastearekin batera modan jartzen diren kromoak saltzen ditut. Urtero berritu egiten dituzte, eta haurrei asko gustatzen zaizkie bildumak egiteko", nabarmendu du.

Beasaingo Mirentxu liburu-dendan ere jende andana dabil egunotan. "Motxilak, koadernoak, boligrafoak, arkatzak, errotuladoreak, margoak, guraizeak, ikasle eta irakasleentzako agendak, estutxeak... denetik ari gara saltzen", azaldu du Maite Izagirrek, jabeetako batek.

Mirentxu dendako nagusiaren arabera, orain pastel kolorea dago modan eta tonu horretako era guztietako materialaren bila joaten da jendea sarritan.

Hala ere, testu liburuek omen dute protagonismo gehien azkenaldian. "Aurretik eskatu behar dituzte bezeroek eta guk Whatsapp bidez abisa-tzen diegu prest ditugula esateko eta nahi dutenean bila etortzeko", adierazi du.

Adinaren arabera, materiala erostera joaten direnen ilusioa ere desberdina dela azaldu du Izagirrek. Haurrak gurasoekin sartzen dira dendara, "amarekin gehienetan", eta 12-14 urtetik aurrerakoak aldiz, bakarrik edo lagun taldeetan. "Ume txikiak oso gustura etortzen dira, adibidez, lehenengo motxila, koardenoa edo karpeta erosi behar dutenean. Egia esan, txikien kasuan oso polita da ikustea nola etortzen diren eta nolako ilusioarekin ateratzen diren hemendik. Helduagoak direnean eta eskolan lan gehiago egin behar dutenean aldiz, ez dute gogorik izaten materiala erosteko", nabarmendu du.

unibertsitateko ikasleak Donostiako Jiménez liburu-denda ere ari da materiala saltzen, baina unibertsitateko ikasleentzat batez ere. "Momentuz unibertsitateko ikasleak dira gure bezero nagusiak orain. Haurrak datorren astean hasiko dira eskolan eta orduan salduko dugu haientzako materiala. Urtero nabaritzen dugu boom bat garai honetan", azaldu du Iñigo Escribanok, Jiménez liburu-dendako jabeetako batek.

Hala ere, testu liburu guztiak duela hilabete saldu zituen, haurrei eskolan zerrenda eman eta gurasoek aurretiko erreserba egin ondoren. "Orain gehien saltzen duguna marka guztietako koadernoak eta boligrafoak dira. Gainera, Milan markako askotariko produktuak ere oso modan daude: motxilak, boligrafoak... izan ere, aukera handia baitute. Jendea bereziki marka horretako produktuen bila etortzen zaigu", azpimarratu du.

anteriorsiguiente
noticias de noticiasdegipuzkoa