Landa-turismoa % 36 hazi da uztailean, eta Gipuzkoa da gaualdietan liderra

Batez besteko egonaldia 3,51 egunekoa izan zen, gora egin duen bakarra

24.08.2021 | 01:08

donostia – Euskal landa-ostatuetan 19.000 sarrera baino gehiago zenbatu dira aurtengo uztailean, aurreko urteko hilabete berean baino %35,9 gehiago, orduan nabarmen jaitsi bai-tziren bisitarien etorrerak pandemiak eragindako murrizketen ondorioz.

Eustat Euskal Estatistika Erakundeak atzo jakinarazi zituen datu horiek, eta agerian geratu zen landetxeetako bisitarien hazkundea txikiagoa izan zela uztailean Euskadiko hoteletakoa baino, hauetan igoera %62,5ekoa izan baita 2020. urtearekiko, 292.165 sarrera guztira, kontuan izanik sektore horrek %100 inguruko okupazio-indizea lortu duela. Oporretako apartamentuei dagokienez 10.794 sarrera zenbatu dira, iazko uztailean baino %40,7 gehiago, eta igoera hau ere hotelek lortutakoa baino txikiagoa izan da.

Landa-ostatuetan 19.103 sarrera eta 60.229 ostatu-gau zenbatu dituzte, hau da, %35,9ko eta %36,7ko igoerak hurrenez hurren. Ekaineko datuekin alderatuta, igoera hori %83,8koa da sarreren kasuan eta %151,5ekoa ostatu-gauei dagokionean.

Uztaileko landetxeetako bisitari gehienak estatutik etorritakoak izan ziren, 16.916; atzerritarrak, berriz, 2.187; eta datu horiek, bidaiari nazionalen %33,8ko hazkuntza erakusten dute, eta atzerritarrena, aldiz, %54,7koa.

Gipuzkoan igo dira gehien ostatu pasatako gauak (% 42,6), Bizkaian (%37,7) eta Araban (%14,6). Hala ere, Gipuzkoako datuak aurretik ere oso onak zirenez, bisiten etorrera gehiago hazi da Bizkaian (% 56,6) eta Araban (% 38,9), Gipuzkoako %25,2ko hazkundearen aldean.

Batez besteko egonaldia 3,15 egunekoa izan zen, aurreko urteko hilabete berean hautemandako 3,13 egunetakoa eta ekaineko 2,30ekoa baino zertxobait handiagoa. Uztaileko datu horrek soilik Gipuzkoan egin zuen gora aurreko urteko hilabete berarekin alderatuta, 3,08 egunetik 3,51ra jauzi eginez. EAEra etortzen diren turistak ere bertan egoten dira denbora gehien. Araban, berriz, 3,05 egunetik 2,52 egunera jaitsi da datu hori, eta Bizkaian, iazko 3,30 egunetatik 2,90 egunera.

Eustatek adierazi duenez, landa-ostatuen %14,6 erabat itxita egon ziren uztaileko egun guztietan; 2020an, berriz, %18,6. Lurraldeka, Araban %14,5 egon dira itxita, Bizkaian %13,3 eta Gipuzkoan %8,9.

apartamentu turistikoak Apartamentu turistikoei dagokienez, uztailean 10.794 sarrera (+%35,9) eta bertan pasatako 39.059 ostatu-gau (+%40,7) erregistratu ziren.

Estatuko bisitarien sarrerak %37 igo ziren eta atzerritarrenak %32,6. Eta bertan emandako ostatu-gauen kasuan, igoera %45ekoa izan zen estatukoen bisitarietan eta %27,5ekoa atzerritarren kasuan.

Gipuzkoan bisitarien sarrerak %33,8 igo ziren, Bizkaian %51 eta Araban, aldiz, %9,3 gutxiago izan ziren. Hala ere, bertan pasatako ostatu-gauak gehiago izan dira hiru lurraldeetan: Bizkaian %45,9, Gipuzkoan %42,2 eta Araban %28,4.

Apartamentu turistikoetako batez besteko egonaldia 3,62 egunekoa izan zen, aurreko urteko 3,49 egunekoa baino hobea, baina ekaineko 3,94 egunekoaren azpitik. Halaber, apartamentuen araberako okupazio-maila %50,3koa izan zen, urte batetik bestera %3,7ko jaitsiera suposatuz. Eta amaitzeko esan, apartamentuen %12,4 itxita egon zirela, aurreko urteko ehuneko berbera.

anteriorsiguiente
noticias de noticiasdegipuzkoa