- UPV/EHUren partehart duen ikerketa batek koloneko minbizia duten gaixoen alferrikako kirurgiak saihets ditzake. Horretarako, odol-analisi bat egingo da, eta, horren bidez, hasierako estadioetan hondar-tumore-zelulak geratzen diren aurresan daiteke. Ikerlanak tresna "ez-inbaditzailea eta sinplea" garatzen du, tumore-zelula horien existentzia aurresateko, odoleko RNA analisiaren bidez, eta, hala, "alferrikako kirurgiak" saihesteko, euskal unibertsitate publikoak berak egindako jakinarazpen batean adierazi bezala.

UPV/EHUko, Estatu Batuetako, Japoniako eta Bartzelonako Ospitale Klinikoko ikertzaileek osatutako nazioarteko diziplina arteko talde batek egindako aurkikuntza hau Gastroenterology aldizkari entzutetsuaren azalean azaldu zen (espezialitate honetan munduko garrantzitsuenetariko bat).

Kolon-ondesteko minbizia da tumore-gaixotasunarekin lotutako munduko bigarren heriotza-arrazoia. Gizonezkoetan sarrien gertatzen den hirugarren minbizia da, eta emakumezkoetan bigarrena. Minbizia goiz detektatuz gero, intzidentziaren eta hilkortasunaren zifrak gutxitu egin daitezke. Baheketa-metodoek garrantzi berezia hartzen dute minbizi-mota horretan, sintomak eta zeinuak gaixotasunaren estadio aurreratuekin lotzen baitira.

Luis Bujanda Fernández de Piérola UPV/EHUko Medikuntzako katedradunak azaldu duenez, "koloneko minbizia sor ez dadin, aldez aurretik detektatu daitezkeen lesioak daude, hala nola polipoak". "Polipoak kentzen baditugu, koloneko minbizia sortzea ekidingo dugu. Oso estadio goiztiarretan minbizia diagnostikatzeko gai bagara, minbizia inolako tratamendurik gabe sendatzea ere lortuko dugu". Horretarako, Osakidetzak kolon-ondesteko minbizia goiz detektatzeko programa dauka. Helburua da hasierako faseetan lesioak eta minbizia garaiz detektatzea, sendatzeko aukera handitzeko.