Haur eta nerabeak artatzeko telefonoa iaz baino %40 gehiago erabili da

Haur eta nerabeak artatzeko telefonoa iaz baino %40 gehiago erabili da

15.08.2021 | 01:55
116 111 da Zeuk Esan plataformaren telefonoa. Foto: N.G.

donostia – Zeuk Esan, Eusko Jaurlaritzaren haur eta nerabeen arretarako telefonoak, 1.207 kontsulta artatu zituen 2021eko lehen seihilekoan; datu horrek (%41,8) nabarmen gainditzen ditu 2020ko aldi berean jasotako 851 kontsultak. Agintzari kooperatibak kudeatzen duen zerbitzu horren balantzean jasotzen denez, egindako deiak 648 izan ziren, alegia, iaz baino %15 gehiago, orduan 561 elkarrizketa zenbatu baitziren. Azpimarratzekoa da, gainera, dei berean hainbat kon-tsulta egin daitezkeela. Hori guztia kontuan hartuta, aurtengo lehen erdian kontsulta gehiago jaso dira 2013, 2014, 2015 eta 2017ko ekitaldi osoetan baino.

"Gure balorazioa oso positiboa da", adierazi du Irune Muguruza Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiken Saileko Familia eta Haurren zuzendariak. "Gure ustez, komunikazio kanpainek eta ETBko Go! Azen telesailarekin izandako lankidetzak zerbitzuaren ezagutza zabaltzea ekarri dute. Dena da lagungarri, haur eta nerabeen ongizateari dagokionean herritarrek sentsibilizazio handiagoa izan dezaten", azaldu du Muguruzak.

116111 zenbakidun Zeuk Esan telefonoa doakoa da, erabat anonimoa, eta, gainera, webgune bat, sare sozialak, bere bideo kanala eta kontsulta-postontzi bat ere baditu, inoiz identifikaziorik eskatzen ez delarik. Aurrez aurreko kontsultak egitea oztopatu lezaketen mugak saihestea da zerbitzuaren helburua.

Zerbitzu hori adingabeek eta adingabeak ardurapean dituzten pertsona helduek ere erabil dezakete. Adingabeek 2021eko lehen seihilekoan egindako 597 kontsulten artean, nabarmentzekoak dira ondoez psikologikoari buruzkoak (% 31,1) eta familia-harremanen ingurukoak (% 23,9); ondoren datoz berdinen arteko jazarpenari buruzkoak (%14,9) eta berdinen arteko harremanen alderdi desberdinei buruzkoak ( % 13,7); afektibitatea eta sexualitatearen ingurukoak, berriz, ez dira % 10era iristen.

Aldiz, adingabeak ardurapean dituzten pertsona helduek egindako 604 kontsultetan, berdinen arteko jazarpenarekin lotutakoak nabarmentzen dira (% 36,5); bigarren lekuan daude ondoez psikologikoa (% 22) eta, ondoren, familia harremanak (% 13,9). Haurren babesgabetasuna ez da oso garrantzitsua adingabeen kontsultetan, eta helduen artean, berriz, % 8,4ra iristen da.

Lurraldeka banatuta, Euskadiko biztanleriaren erdia baino gehiago duen (% 52,25) Bizkaitik egin ziren deien % 42,6; erroldaren %32,7 duen Gipuzkoatik, deien % 30,2 ; eta biztanleen %15 duen Arabatik, berriz, % 15,2. 77 deik ez zuten lurralde-jatorririk adierazi.

Deien kopuruan ez da alde handirik ikusten hilabete batetik bestera. Hilero ehun pertsona inguru jarri ziren harremanetan zerbitzuarekin, batez beste 200 kontsulta eginez. Zehatzago izanik, martxoa izan zen erabilpen handieneko hilabetea: 118 kontaktu eta 230 kontsulta.

Zenbat eta helduago, dei gehiago Adingabeak direnean, kontaktuak areagotu egiten dira adinarekin. 12 urtez azpiko 20 pertsonak baino ez zuten deitu 2021eko lehen sei hilabeteetan. Hala ere, 12 eta 15 urte bitarteko tartean, kopuru hori 121era igo zen; eta 16 eta 18 urte bitartean, deiak 178 izan ziren. Bestalde, genero-identitatearen araberako banaketa eginez gero, 167 adingabek emakumezkoak zirela esan zuten, eta 155ek gizonezkoak.

Psikologiako profesionalek eta adingabeekin tratuan jarduten espezializatutako gizarte-hezitzaileek eskaintzen dute euren zerbitzua Zeuk Esanen. Beatriz Artolazabalen Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako Sailak 2010eko urrian abian jarritako zerbitzu hori aitzindaria izan da estatuan.

Gainera, orain hilabete batzuk, Zeuk Esanek atal berezi bat zabaldu zuen webgunean pandemiarekin zerikusia duten kontsultak egiteko.

Covid-19ak nabarmen aldatu du familien eta haur eta nerabeen eguneroko jarduera, eta sail berri horrek haurrak eta nerabeak dituzten familiei informazioa eta baliabide erabilgarriak eskaintzea du helburu.

internet bidezko delituak Bestalde, atzo jakin zen ere, Euskadin mehatxu, indarkeria eta Internet bidezko jazarpen delituek gorakada nabarmena izan dutela 2021ko aurreneko sei hilabeteetan. Aurtengo urtarriletik ekainera bitartean, 262 delitu zenbatu dira, %33 gehiago. Hazkunderik handiena Bizkaian gertatu da eta Gipuzkoan, aldiz, behera egin dute. (71tik 68ra jaitsi dira).

anteriorsiguiente
noticias de noticiasdegipuzkoa