- EAEko Justizia Auzitegiak baliogabetzat jo zuen aurreko hilabetean Irungo Udalak udaltzainen hamabi lanposturen deialdiari argi berdea eman zion ebazpen bat, hizkuntza eskakizuna euskara ez dakitenentzat "diskriminatzailea" dela argudiatuta. Erabaki horren aurrean, Irungo Udalak Justizia Auzitegiaren epaiari errekurtsoa jartzeko borondatea agertu zuen atzo komunikabideetara bidalitako ohar baten bidez.

"Irungo Udalak gaur (atzo) argitaratu du Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiaren aurkako errekurtsoa jartzeko asmoa. Epai horrek 2017ko abenduaren 19ko 2.566 ebazpenaren VIII. oinarria baliogabetzat jo zuen joan den maiatzean", azaldu zuen ohar horretan. "Zerbitzu juridikoak helegitea aurkezteko bideak aztertzen ari dira orain, eta erabaki juridikoa hartzeko aukerak aztertzen ari dira", azpimarratu zuen.

Bestalde, EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk epai hori gaitzetsi zuten Eusko Legebiltzarrean elkarrekin sinatutako adierazpen bat irakurriz.

EAJko Aitor Aldasoro, EH Bilduko Rebeka Ubera eta Elkarrekin Podemoseko Miren Gorrotxategi parlamentariek irakurri zuten adierazpena eta beraien "kezka eta ezinegona" azaldu zuten erabakiak hizkuntzaren normalizazio prozesuan "atzerapausoa" dakarrelako.

"Epaiak kezkatu egiten gaitu, zalantzan jar baitezake euskal administrazioan euskararen normalizazioaren bidean aurrera egiteko duela hamarkada batzuetatik indarrean dagoen esparru juridikoa. Euskal gizarteak bermatzen duen esparru eredugarria", dio elkarrekin sinatutako testuak.

Legebiltzarrean manifestua irakurri zuten taldeek udal autonomia defendatzeko "behar duen laguntza guztia" eskaini zioten Irungo Udalari. Ildo horretan, herri administrazio orok lanpostuen hizkuntza-eskakizunak eta derrigortasunak ezartzeko duen legitimitatea eta eskumena aitortu zuten, "herritarren hizkuntza-eskubideak erdigunean jarriz".

Era berean, gogorarazi zutenez, sektore publikoan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen 86/1997 Dekretua "funtsezkoa izan da langile publikoen hizkuntza-gaikuntzan aurrera egiteko eta gizarte osoaren hizkuntza-eskubideak berma-tzeko".

Amaitzeko, euskal erakunde publiko guztiak euskararen erabilera normalizatzeko eta euskarak herritarren egunerotasunean dagokion lekua har dezan egiten ari diren "lan eskerga" aitortu eta horrekin bat egin zuten.