- Frantziako lurraldeetan hizkuntza gutxituak murgiltze ereduan irakasten dituzten eskolen sareak, Eskolim, Frantziako Konstituzio Kontseiluak hizkuntza gutxituen legea atzera botatzeko erabakia "onartezina" dela salatu zuen atzo ohar baten bidez. "Hizkuntza autoktonoak eta historikoak ezabatzeko erabakia har-tzea jokabide koloniala izatea da", azpimarratu zuen Eskolimek.

"Gure hizkuntzak erabilera-debekurako erregimenean daude jada; bai lege esparruan, administratiboan, ekonomikoan eta baita ikus-entzunezkoen esparruan ere. Orain eskola-giroan debekatuta dago haien erabilera, eta hori, aurrez esandako debeku guztiekin, hiztunik ez dela izango ziurtatzeko azken kolpea da", nabarmendu zuen.

Jean-Michel Blanquer hezkuntza nazionaleko ministroak, "hizkun-tza autoktonoen etsaiak", elkarte-eskolei "heriotza-zigorra" ezarri diela esan zuen Eskolimek. "Bi ganberen nahia eskualdeetako hizkuntzetan benetako aurrerapausoa lortzea bazen ere, Konstituzio Kontseiluak heriotza epaia sinatu zuen, Parlamentuaren borondate demokratikoaren aurka", adierazi zuen.

Eskolimen arabera, Estatuak ikastetxe asko finantzatzen ditu atzerrian, haurtzaindegitik institutura. "Baina gure lurraldeetan, beren jatorrizko ekosistemetan, gure hizkun-tzek ez dute jada metodo pedagogiko eraginkorra erabiltzeko aukerarik izango etorkizun bat lortzen saia-tzeko: murgilketa", salatu zuen.

Euskaldunek, bretoiek, alsaziarrek, korsikarrek, katalanek eta okzitaniarrek sententzia honi erantzungo diotela azpimarratu zuen eta larunbat honetan mobilizazioa egingo dute Baionan, arratsaldeko 16.00etan, Pour Que Vivent Nos Langues (gure hizkuntzak bizi daitezen) kolektiboak deituta.