XXVII. Idiazabal Gazta berriaren aurkezpena eta mozketa egin dituzte gaur goizean Ordizian. Ekitaldia Pazko-asteko asteazkenean egin behar zuten berez, baina pandemia dela eta, ezin izan zen orduan ospatu. Ordiziako plaza nagusitik aldenduta, bigarren urtez jarraian Oiangu parkean aurkeztu dute gazta eta sukaldaritza tradizionala sustatzen duen Jakitea Elkartea arduratu da mozketa egiteaz. Aurtengo erregulartasun saria eskuratu dutenak Idiazabalgo Ander Barandiaran artzain ekoizlea eta Goiburu gaztandegia izan dira, eta Idiazabal Jatorri Izendapenaren lehendakaritza utzi duen Joxe Mari Ustarrozi aitortza egin diote.

  • Gehiago irakurri: Ander Barandiaran: "Gaztagintza sektore erakargarria izan behar da"

Gazta "gizakiaren asmakizun bikainenetakoa" dela azaldu Adur Ezenarrok, Ordiziako alkateak. "Galkorra den esnea denboran zehar gordetzeko asmakizun ia magikoa da; naturalki, kanpo kontserbatzailerik gabe, bizitza propioa daukana eta aldatzen eta ontzen joaten dena. Zapore eta usaimen paregabekoa, baita osasuntsua ere, legamiek bere hartzidurarekin gizakiontzat liseritzeko are osasuntsuago bilakatzen dutelako", nabarmen du.

Gaur egun, 126 gaztandegi ekoizle existitzen dira Idiazabal Jatorri Deituran. Probintziei dagokionez, ondorengoa da banaketa: 60 gaztandegi Gipuzkoan; 32 Nafarroan; 20 Araban eta 14 Bizkaian. Miriam Molina, Idiazabal Gaztaren Jatorri Deituraren gerenteak azaldu duenez, gaztandegi gehienak "oso txikiak" dira eta pandemiak larriki eragin die. Hala ere, sektorea Idiazabal gazta ekoizten jarraitzeko apustua egin zuen eta emaitza onak eskuratu zituzten. "Ondorioz, 2020ko ekoizpen datuak oso normalak izan ziren. Aurreko kanpainarekin alderatuta %3 jaitsi da, baina egin duten esfortzua zoragarria izan da eta emaitza ezin hobea lortu dute", azaldu du Molinak.

Jarraian, Idiazabalgo Ander Barandiaran artzain ekoizleari diploma bat eman dio Arantxa Tapia, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak eta Ordiziako alkatea arduratu da Abel Goiburu Idiazabalgo Goiburu Gaztandegiko jabeari diploma emateaz. Jarraian, Joxe Mari Uztarrozi omenaldi xume bat egin diote Ordiziako Udaleko eta Idiazabal Gaztaren kofradiako kideek eta ekitaldia amaitzeko, Donostiako Aratz erretegiko Xabier Zabaleta sukaldariak aurtengo Gazta Berria moztu du.