- Eskualdeko energia-planak bultzatzeko, energia-pobreziari aurre egiteko eta Gipuzkoako eskualdeetan energia-eredu jasangarria sustatzeko helburuarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak 400.000 euro bideratuko ditu. Proiektua José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak eta Debabarrena, Oarsoaldea, Tolosaldea, Urola Erdia Goierri, Urola Garaia, Debagoiena, Beterri Buruntza eta Bidasoa eskualdeetako ordezkariek atzo sinatutako hitzarmenaren bidez gauzatu da.

Hitzarmena Aldundiko Etorkizuna Eraikiz gunean sinatu zuten eta eskualdeetan energia-planak gara-tzea da helburua. Gipuzkoako 89 udalerrietatik 83k izango dute jarduera-eremua, eta garapen ekonomikoko agentzien eta mankomunitateen bidez, Energia Jasangarriaren eta Energia Pobreziaren Lurralde Mahaian daude ordezkatuta.

"Garrantzitsua da hemen bilduta gauden eskualdeak Gipuzkoak behar duen eraldaketa energetikoaren alde buru-belarri lanean aritzea. Energia-pobreziak 60.000 familia baino gehiagori eragiten die oraindik lurraldean, eta hitzarmen hauen bidez hori eraldatzen saiatzen gara", adierazi zuen Asensiok bideokonferentzia bidez.

Jarraian, Mónica Pereira Ingurumeneko foru zuzendaria arduratu zen hitzarmenaren nondik norakoak azaltzeaz. "Ingurumeneko Departamentuak 50.000 euroko ekarpena egingo dio eskualde bakoitzari lurraldeko energia-iraunkortasunerantz aurrera egiteko, GK 2050 Gipuzkoako Klima Aldaketaren Estrategian ezarritako helburuekin bat", nabarmendu zuen Pereirak. Horrez gain, erronka Urola Kostan eta Donostian sartzea da, lurraldearen %100a estaltzeko.

Hitzarmenaren edukiari dagokionez, garapen-agentzia guztiek amankomunean dituzten ekintzak honakoak dira: energiari buruzko eskualde-elkarrizketa, udalekin koordinatuta; eskualdeko energiaren planifikazioa eta ekintza bultzatzea; Eskualdeko Energia Mahaiaren dinamizazioa eta azkenik, Gipuzkoako Energia Jasangarriaren eta Energia Pobreziaren Lurralde Mahaian integratzea.

Bestalde, eskualde bakoitzeko ekintza zehatzen artean, energia berriztagarriak sustatzea helburu dutenak nabarmendu behar dira. Zentzu horretan, Debabarrena, Debagoiena, Oarsoaldea eta Urola Garaia eskualdeek ondorengo arloei buruzko proposamenak egin dituzte: jarduera ekonomikoa, energiaren eta beroaren ekoizpena, industria sektorea eta udal atala eta instalazioen azterketa.

Tolosaldeak, bere aldetik, eskualdeko energia eta elektromugikortasuna sustatzeko proiektua landuko du. Debabarrena, Debagoiena, Tolosaldea, Urola Erdia eta Urola Garaia eskualdeek Euskadiko Energia Jasangarritasunaren Legea betetzea izango dute helburu.

Azkenik, energia aprobetxatzeko proiektu bat bultzatuko du Debabarrenak zenbait enpresaren artean eta Goierrik eskualdeko energia-pobreziaren azterketa egingo du, udaletan energia-eraginkortasunerako plataforma digital bat martxan jartzeaz gain.

Hitzarmenek gizartearen pobrezia-energetikoa murriztu eta prebenitzea eta energiarekiko mendekotasun gutxiago izatea bilatzen dute.