- “Aurrerapauso bat eman eta esku har dezala, adinekoentzako zentro horietako lan-gatazka behin betiko konpontzeko bidean” eskatu zion atzo Foru Aldundiari Gipuzkoako zaharren egoitzetako erabiltzaileen senitartekoen Senideak elkarteak.

Beatriz Martinez eta Nekane Saez de Cabezon Senideak elkarteko ordezkariek luzatu zioten Foru Aldundiari eskaria, gatazka honekin behingoz amaitzea eskatzeko Donostiako hiriburuan deitutako manifestazioaren ostean.

Gipuzkoa Plazan ordu erdi lehenago hasitako protesta Boulevardean amaitutakoan irakurri zuten eskari hau luzatzen zuen agiria bi bozeramaileek.

“248 eguneko grebaren eta hamahiru hilabeteko pandemiaren ostean, lan-gatazka honekin berdin jarraitzen dugu: negoziazio mahairik gabe, langileak baldintza prekarioetan, eta hori guztia egoiliarren kaltetan”, salatu dute Senideak elkarteko kideek.

“Egungo baldintzetan, ez dago merezi duten kalitatezko zaintza duina bermatzerik”, gaineratu zuten. “Gaur egun, baliabideei dagokionez, egoerak okerrera egin du”, azpimarratu zuten; izan ere, “pandemiak gogor eraso baititu egoitzak, eta nekea, tristura eta zailtasunak pila-tzen ari dira”. Hori guztia kontuan izanda, erabiltzaileen egoera “oker-tzen” ari da.

“Horregatik, berriro eskatu nahi diogu Aldundiari aurrerapauso bat eman eta esku har dezala behin betiko konponbidearen bila”.

Gainera, bozeramaileek salatu zutenez, “oraindik ez dira itzuli, Aldundiak 2020ko abenduaren 11n iragarritako, itunduta zeuden eta greba egunetan eskaini ez ziren zerbitzuen kuotak”.

Manifestazioa 11.00ak jota abiatu zen Foru Jauregiaren aldamenetik, eta hiru pankarta eraman zituzten aurrean, honako lelo hauekin: Zaintza duin baten alde, Por unos cuidados dignos eta Diputación solución.

Manifestarietako batzuk gurpil-aulki hutsak bultzatuz joan ziren eta beste batzuk irtenbidea eskatzen zuten kartelak zeramatzaten. Beti ere segurtasun-tarteak gordez eta maskarak ipinita, Donostiako erdiguneko hainbat kale zeharkatu zituzten ibilbidea Boulevardean amaitu aurretik.