- Donostiako Amelia eta Villabonako Hika jatetxe gipuzkoarrak Eguzki banarekin estreinatu ziren atzo Repsol Gidak Donostiako Victoria Eugenia Antzokian egindako ekitaldian eta Getariako Elkano jatetxeak hiru Eguzki lortu zituen. Aurten, Estatu mailan, guztira 96 jatetxe nabarmendu dituzte: hiru Eguzkirekin, hiru; hamaika, bi Eguzki jasota eta 82 jatetxe Eguzki banarekin.

Elkano jatetxeko Aitor Arregi, urtetan egindako lanagatik saritu nahi izan zuten, eta atzoz geroztik, Euskadin hiru Eguzki dituzten jatetxeen zerrendara gehitu da haren etxea. Elkano itsasoko jakietan espezializatuta dago, eta bertako parrilan sukaldatutako produktuen kalitatea “aparta” iruditu zaie Repsol Gidaren arduradunei. “Elkanon, pieza berean testura eta zapore desberdinak elkartzen dira bezeroaren gozamenerako, arrain zapala, zuria, arrokakoa, krustazeoa edota zefalopodoa izan”, azpimarratu zuten ekitaldian.

Gipuzkoako gainerako jatetxeei dagokienez, Donostiako Amelia izan zen Repsol Gidak ematen dituen Eguzki batekin estreinatu zirenetariko bat. Bertan, Paulo Airaudo jabeak “Argentinako zaporeak, Italiako tradizioa, Frantziako teknika eta Euskadiko jakiak” bateratzen ditu.

Villabonan, berriz, Hika txakolindegia izan zen estreinako Eguzkia jaso zuena. “Roberto Ruiz chefak txakolindegiko arlo gastronomikoan, babarrun gorri samur eta goxoak, sakramentu eta guzti prestatzeko duen abilezia erakusten du”, nabarmendu zuten.

Horiez gain, Eguzki bana eskuratu zuten Arabako Kromatiko jatetxeak (Gasteiz), eta Bizkaiko Aitor Rauleaga (Bilbo), Garena (Dima), Horma Ondo (Larrabetzu) eta Ola Martín Berasategi (Bilbo) jatetxeek ere.

Amaitzeko, Repsol Gidak, Alimentos España-rekin batera, lehenengo aldiz banatu zuen Eguzki Jasangarria saria, eta Eneko Atxak eskuratu zuen, inguruarekin, ekoizle artisauekin eta energia-efizien-tziaren alde hartutako konpromisoagatik.

Repsol Gida. Repsol Gidak, hirugarren urtez jarraian, Donostian egin zuen atzo jatetxeei Eguzkiak banatzeko ekitaldia. Sari horiek sukaldari eta jatetxe onenak aitortzen dituzte.

Hiru Eguzki. Euskadin, Getariako Elkano jatetxea izan zen hiru eguzki eskuratu zituen bakarra.

Eguzki bat. Eguzki batekin estreinatu zirenak GipuzkoakoAmelia eta Hika; Arabako Kromatiko eta Bizkaiko Aitor Rauleaga, Garena, Horma Ondo eta Ola Martín Berasategi jatetxeak izan ziren.

‘Eguzki Jasangarria’. Eneko Atxak eskuratu zuen sari berria.