Feel My Way kooperatibako Euskal Herriko gazte ekintzaileek Zuk Zeuk lehiaketaren finala izango den online ginkana antolatu dute gaurtik hasi eta ostiralera bitartean. Bi hilabeteetan zehar Garapen Jasangarrirako helburuak landu dituzte Euskal Herriko 900 gaztek eta, orain, horietatik 300ek final handia jokatuko dute. Nazio Batuek 2015ean ezarri zuten Garapen Iraunkorrari buruzko 2030 Agenda, zeinak 17 helburu biltzen dituen; besteak beste, pobrezia ezabatzea, klima aldaketaren aurkako borroka, hezkuntza, hirien diseinua, emakumearen berdintasuna, ingurumenaren defentsa, bakea eta bizikidetza, energia, eta ekoizpen nahiz kontsumo arduratsuak. Ekimenean parte hartzen ari diren nerabeek gai horien inguruko proiektuak sustatuko dituzte.

Ekitaldia gaur goizean aurkeztu dute Gipuzkoako Foru Aldundian, eta bertan izan dira Eider Mendoza Gobernantza diputatua eta foru bozeramailea eta Nora Kortaberria, Feel My Way kooperatibako ordezkaria. Ekimenak Euskal Herriko hamabi eragileren babesa jaso du, tartean foru erakundea edota Laboral Kutxa eta Eusko Jaurlaritza bezalako eragile publiko zein pribatuak.

14 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzentzen zaie ekimena eta aurtengoa hirugarren edizioa da. "Aurten inoiz baino parte-hartze handiagoa lortu da. 900 gazte aritu dira azken hilabeteetan proiektu honetan buru-belarri lanean eta gaur sailkatu diren 300 pertsona finalarekin hasiko dira", azaldu du Kortaberriak. Garapen Iraunkorrerako helburuak modu ludiko eta dinamiko baten bidez lantzen aritu dira bi hilabetez, bakoitza bere herrietan hainbat ekintza eginez. "Adibidez, elkartasuna lantzen ari gara Laboral Kutxaren bitartez, goserik ez izatea Hazi fundazioarekin, mugikortasun iraunkorra Mugirekin, ekoizpen eta kontsumo arduratsua Ausolan fundazioarekin, hain garrantzitsuak diren bizitzarako gaitasunak Edex fundazioarekin eta azkenik, etorkizuna sortzen Mondragon Team Academy, Deustuko Unibertsitatea, EHU, IMH eta IED Kunsthal Bilbaorekin batera", gehitu du.

Urtarrilean eta otsailean Zuk Zeuk ligan zehar egiten aritu diren ekintzei dagokionez, Kortabarriak bat nabarmendu nahi izan du: "Askotan iraunkortasunaz ari garenean plastikoa etortzen zaigu burura. Baina Garapen Iraunkorreko helburuak anitzak dira eta elkartasuna da horietako bat. Lantzen ari garen gai garrantzitsuenetako bat da eta adibidez, familian egiten den ekintzetako bat taldekideak euren familiako nagusienekin elkartu eta zuhaitz genealogiko bat egitea da. Ondoren, familiaren historia idatzi behar da elkartasun uneak azpimarratuz. Ekintza sinple bat da, edozeinek egin dezakeena, baina horren bitartez gazte asko beraien senitartekoei buruz ezagutzen ez zituzten gauzez ohartu dira".

Hain zuzen ere, 30 herri desberdinetako taldeek hartu dute parte Zuk Zeuk-en eta finalean 300 gazteak 20 taldetan banatuta egongo dira. Talde horiek, 700 eurotik hasi eta 1.000 euro arteko sariak izango dituzte. "Lehiaketa izanik, gazteek sari bat eskuratuko dute eta euren arreta eta parte-hartzea lortzeko haien interesekoa den zerbait jarri dugu sari gisa: taldeak aukeratuko duen bidaia baterako deskontua. Horrez gain, lehenengo bi hilabete horietan egin dituzten ekintza horiei esker, gazteek aisialdiaz gozatzeko aukera izan dute pandemiaren ondorioz hain mugatuta gauden honetan", azpimarratu du.