- Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak klase politikoaren “noraeza” kritikatu zuen ostiralean, Eutanasiaren Legea onartuta “lagundutako suizidioa” errazten dela salatuz; era horretan, menpekotasun egoeran daudenak eta “ahulenak paretik kentzeko presionatzen” direla esan zuen.

Gainera, “hiltzeko ekintza objektiboa, hau da, beste pertsona bati bizia kentzea” justifikatzeko “errukia” erabiltzea salatu zuen, horrek “diru publikoa aurreztea” dakarrela azpimarratuz.

Heriotza Onaren zaindari den San Jose egunez Donostiako katedralean eskainitako homilian, Elizak eta munduak, oro har, “San Jose, aitatasunaren eredu gisa inoiz baino gehiago eta premiaz behar dutela” aldarrikatu zuen Munillak. “Amarik ez dagoen familian burugabekeria nagusitzen bezalaxe, antzeko zerbait esan daiteke gure kulturan gertatzen den noraezari dagokionez, aitaren figuraren krisiak sortutako zurztasun moralaren ondorioz”, gaineratu zuen.

Bere iritziz, horren erakusgarri da atzo Diputatuen Kongresuan Eutanasia Legea onartu izana, eta “klase politikoak sufrimenduari, lagundutako suizidioa erraztuz erantzun nahi izatea” deitoratu zuen.

Hala, prelatuaren ustez, “agerian geratzen dira, gure gizartearen krisi moral sakona, eta baita bokazio politikoa birsortzeko beharra ere”.

“Erlatibismoaren krisiak, krisi antropologikoa ekarri du. XX. mendearen bigarren erdialdeko erlatibismotik, XXI. mendeko erlatibismoaren diktadurara pasa gara, Estatuaren baliabide guztiak baliatuz pentsamendu bakarreko ideologia berri bat inposatu nahi duena, non antropologia birdefinitu ere egiten den: nortasun pertsonala, ezkontza, eta bizitzaren jatorri eta amaiera bera”, adierazi zuen gotzainak.

Ohartarazi zuenez, gizona “krisi existentzialean murgiltzeko arriskuan dago, eta hortik faltsuki irten nahi du, auskalo nora ihes eginez, esaerak dioen legez ez buru, ez hankarik ez duen bidea hartuta”.