Gipuzkoan, bizikleten erabilerak eta oinezko ibilaldiek etenik gabe egiten dute gora urtez urte eta aurten ere argi utzi du hori Gipuzkoako Bizikletaren Behatokiak argitaratu berri duen azken txostenak. Gaur goizean aurkeztu du Rafaela Romero Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak eta txostenaren arabera, Gipuzkoako bizikleta bideen foru sareak inoizko erabilera daturik onenak izan zituen 2020an. Guztira, oinez eta bizikletaz egindako zortzi milioi bidaia zenbatu zituzten.

2018az geroztik, foru sareko txirrindularien kopurua urtero %25etik gorako erritmoan hazi bada ere, 2020an hazkundea %31ekoa izan da. "Zortzi milioi horietatik, behatoki horrek bizikletaz egindako ia bi milioi bidaia eta oinezkoen sei milioi bidaia zenbatu ditu 2020an bizikleta bideen foru sarean", zehaztu du Romerok.

Foru sareko oinezkoen eta txirrindularien eguneko batez besteko bidaiak 21.700 izan ziren eta Romeroren arabera, bizikletaren erabileran Gipuzkoan izandako hazkunde handi hori bat dator azken urteotan nabarmentzen ari den Europa osoko goranzko joerarekin. "Hala ere, Gipuzkoako foru sareko gorakadak ia lau aldiz gainditu du Europar Batasun osoko batez besteko igoera (%8), eta Frantziakoa, berriz, hirukoiztu (%10)", azaldu du.

Bizikletaren erabilera areagotze horren arrazoiak pandemiak eragindako mugikortasun ereduen aldaketekin lotuta daude eta horri esker, gero eta pertsona gehiagok (emakumeek batez ere) aukeratu dute bizikletaz edo oinez ibiltzea, alde batetik bestera joateko modu "higienikoagoak eta osasungarriagoak" direlako eta kontaktu fisikoa murrizten dutelako. Gipuzkoako bidegorriek bizikletaz ibiltzeko 399 kilometro eskaintzen dizkiete herritarrei gaur egun.

OINEZKOEN MUGIKORTASUNA

Aipagarria da gainera, bidegorrietan egiten diren joan-etorrien hiru laurden oinezkoek egiten dituztela. Txostenaren arabera, lau bidegorritan oinezkoen eta txirrindularien bidaiak %40 baino gehiago igo ziren 2020an: Eskoriatza-Leintz Gatzaga (%52), Azpeitia-Lasao eta Zizurkil-Asteasu (%43), eta Soraluze-Bergara (%40).

Hala ere, igoera hori are nabarmenagoa da pandemiaren ondorioz martxoan eta apirilean indarrean zeuden mugikortasun murrizketa gogorrak kontuan hartuta; izan ere, oinezkoen eta bizikleten joan-etorriak %53 eta %89 jaitsi baitziren martxoan eta apirilean, 2019ko hilabete berberen aldean.