Herri asko eremu gorrian egonda ostalaritza itxita mantendu beharra, arazo larri bihurtu da sagardotegientzat ateak irekitzerako orduan. Aste honetan ordea, egoera nabarmen hobetu dela dirudi; izan ere, eremu gorrian egonda ere, ostalaritza zabaltzeko baimena eta ondoko herrietara mugitzeko aukera eman baitu LABI aholku batzordeak. Berri horrek argi izpi bat eta itxaropena ekarri die sagardotegiei, eta gehienek asteburu honetan ekingo diote denboraldiari.

"Sagardotegi asko azken momentuan ari dira erabakia hartzen. Ostalaritzari ateak zabaltzeko baimena eman ahala, berriro ere lanari ekiteko unea zela pentsatu zuten askok. Koronabirusaren datuak hobeak direnez eta poliki-poliki egoera hobetzen ari denez, batzuk irekitzen hasi dira", azaldu dio egunkari honi Euskal Sagardoa jatorri deiturako koordina-tzaile Unai Agirrek.

Hamaiketakoak eta bazkariak soilik eskainiko dituzte gehienek, izan ere, ostalaritzak 20.00etarako itxita egon behar baitu egun indarrean dagoen dekretuaren arabera. Jakina denez, jatorri deiturak aspaldi prestatu zuen protokolo berezi bat, uzta berria dastatzearen esperientzia segurua eta erakargarria izan dadin. "Antzinako kontsumitzeko modua berreskuratu dugu, sagardotegi denboraldia mahaira bueltatuz", nabarmendu du Agirrek.

Izan ere, garai batean txotx egin ordez sagardoa pitxerretan zerbitza-tzen baitzen, eta aurten ere horixe izango da sagardoaz gozatzeko modua: botila zein pitxer gardenetan aterako dute bertako langileek mahaira. Gardena izateak, sagardo berri horren kolorea ikusteko aukera eskainiko dio bezeroari.

"Pitxer edo botila horiek zintzilikario batzuk eramango dituzte, kupelaren zenbakia eta sagardo bakoitzaren ezaugarriak azalduz. QR kode bat ere badaukate, informazio gehiago nahi duenak eskuragarri izan dezan", azaldu du.

Sagardotegi batzuk lehendik ere irekita zeuden, eta beste batzuk denboraldia hasteko data atzeratu egingo omen dute, baina gehienei asteburu hau iruditu zaie lanean hasteko egokiena.

Esate baterako, Astigarragako Gurutzeta sagardotegiak asteazkenean zabaldu zituen ateak. Denboraldian soilik lan egiten dutenez itxita egon da lehengo urteaz geroztik. Aste honetan sagardotegia zabalduz, pixkanaka martxa hartzea espero du Joxe Angel Goñik, Gurutzetako jabeak. "Kasu positiboen portzentaia beherantz doala ikusi eta ireki egin beharko genukeela pentsatu genuen. Bestela, ez baitaukagu diru sarrerarik", adierazi du Goñik.

Jendeak deika ibili omen da sagardotegia zabalik ote dagoen galdetuz, eta erreserba batzuk ere badituzte asteburu honetarako; ez gehiegi ordea. "Beharbada larunbat eta igande eguerdietan lan pixka bat egingo dugu, baina gainerako egunetan iruditzen zait mugimendu gutxi izango dela. Egia esan, oraindik ez dabil jende askorik", aitortu du.

Dagoeneko hasi dira jatorri deiturak proposatutako protokoloa erabiltzen eta lan egiteko modu egokia dela iruditzen zaio. "Protokolo honetara moldatzea ez da zaila izan. Aspalditik hausnartzen ari ginen kontua zen, eta esango nuke, hainbeste bilera egin ondoren guk ere ikasi dugula lana nola egin behar dugun" esan du.

Astigarragako Bereziartua sagardotegiak ere atzo zabaldu zituen ateak, iazko martxoaren 13az geroztik itxita egon ondoren. "Aste honetan eta hurrengoan ostiral eta larunbat eguerdietan zabalduko dugu, eta martxotik aurrera, ikusi egin behar, eskaeraren arabera", azaldu du Aitor Bereziartua nagusiak.

Momentuz erreserba batzuk ba omen dituzte, baina hauek ere askorik ez oraingoz. "Astigarragako bertako eta ondoko herrietako jendearekin bakarrik egin dezakegu lan, eta kontuan izan hemen inguruan 32 sagardotegi gaudela. Aukera handia da eta oraingoz jende gutxi dabil", azpimarratu du Bereziartuak.

Sagardotegi horretan ere prest daude protokoloarekin hasteko, eta sagardo desberdinak botila gardenetan eskainiko dituzte. Hornigaiak erosteko prozesua ere poliki-poliki egitea erabaki dute. "Asteburu honetarako prestatu gara lehendabizi, eta datorren astean, eskaeraren arabera, joango gara gauzak ahalik eta ondoen prestatzen", esan du amai-tzeko.

LABIk ondoko herrietara mugitzeko eta ostalaritza zabaltzeko aukera eman ostean askok berriro ateak irekitzea erabaki dute

"Asteburu honetarako prestatu gara lehendabizi, eta datorren astean, eskaeren arabera egingo dugu"

Bereziartua sagardotegiko jabea

"Kasu positiboen portzentaia beherantz doala ikusi eta ireki egin beharko genuela pentsatu genuen"

Gurutzeta sagardotegiko jabea