- Aspanogik eta Gipuzkoako haur onkologikoen familia elkarteak Haur Minbizidunen Nazioarteko Egunaren XX. edizioa ospatu zen atzo eta Gipuzkoako Foru Aldundian egin zuen prentsaurrekoan ume horien "biziraupen hobea" posible dela aldarrikatu zuen .Gaur egun, urtero 30 kasu berri antzematen dira lurraldean eta Euskal Herri mailan berriz, 100-150 kasutara igotzen da zifra hori.

Iaz minbizia duten haurren kasuen estatistika bete egin zen eta aurten ere berriro beteko dela aurreikusten du Bittor Andonegik, Aspanogiko lehendakariak. "Pandemia egoera larri honetan ere oso garrantzitsua da diagnostikoaren momentuan ume hauek, gure piratek, eta gurasoek diziplina anitzeko beharrezko atentzioa jasotzea", azaldu zuen prentsaurrekoan Andonegik.

Izan ere, Espainiako Haur Minbizidunen Federazioak eta Childhood International elkarteak aurtengo Haur Minbizidunen Nazioarteko Egunerako prestatu duen manifestua, Biziraupen hobe bat posible da izenekoa, covidak izan duen eraginarekin lotuta dago. "Covidak dena fagozitatu du. Badirudi beste ezer ez dela gertatzen, baina bizitzak bere agenda dauka eta ez dago errealitateari ihes egiterik", nabarmendu zuen.

Manifestuaren arabera, minbizia duten haur askok beraien ospitaleko arreta "eraldatua" izan dela sentitu dute larrialdi egoeraren ondorioz. "Konfinamendu bikoitza izan da haurrentzat eta familientzat isolatuta egon behar izan dutelako. Nahiz eta salbuespeneko egoera izan, ezin dugu onartu minbizia duten adingabeen arreta eta baliabideak sakrifikatzea. Pandemian egonda ere, diagnostikoa garaiz egin behar da eta zehatza izan behar du", nabarmendu zuen Nekane Lekuonak, Aspanogiko gizarte langileak.

Arreta kualifikatua jasotzen ez bada, haurren biziraupenak "okerrera" egin dezakeela azaldu zuten manifestuan eta horregatik, seme-alaben detekzioa eta tratamendua kaltetu ez daitezen eskatzen dute gurasoek. "Biziraupen hobe bat posible dela uste dugu covid garaian ere. Haurren hitzetan, gure esku dago haur eta nerabe minbizidun guztiak merezi duten bezala zainduak izatea eta berriro lehentasuna izatea", adierazi zuen Aspanogiko gizarte langileak.

Biziraupen tasa %81ekoa bada ere, oraindik haur ba-tzuk bidean geratzen direla nabarmendu zuten eta ikertzen jarraitzeko deia egin zuten. "Covid-19ak zenbait ikerketek aurrera ez egitea ekarri du, baina garrantzitsua da beraien bidea jarraitzea %100eko biziraupen tasa lortzeko", esan zuen Lekuonak.

Hala ere, minbizi motaren arabera aldatu egin daiteke biziraupen tasa eta kasu batzuetan, %85-%90ekoa izan daiteke. Minbizi mota ohikoena leuzemia da (haur minbizi kasuen %30) eta horren barruan, leuzemia linfoide akutua. Bigarren ohikoena linfoma izaten da eta jarraian hezurretako, buruko eta gibeleko tumoreak.

Minbiziaren sorrera hautemateko ere "beharrezkoa" da etengabeko ikerketa. "Urteak pasa ahala tumore horiek gehitzen joan direla esango nuke. Ez dakigu zerk eragiten dituen eta gainera, haur minbizian preben-tzioa ezin daiteke egin. Helduen kasuan bizitzeko estiloaz hitz egiten dugu, baina haurretan ez dakigu zeren ondorioz sortu daitezkeen zehazki", azaldu zuen amaitzeko Andonegik.